Sare sozial digitalen inguruan hausnarketa batzuk.
Urriaren 22tik 25era, Bilbao Open Day 2009 jardunaldiak izan dira. Hainbat hitzaldi, tailer eta erakusketaren artean, Politika 2.0 izeneko mahai inguru bat ere egin dute. Ekitaldiaren azpi-izenburua ondokoa da: gizarte eraikuntza berriak sare politiken bitartez.
Bertara gerturatu ziren aktibistez eta kuxkuxeroez gain, Interneten bitartez edo Interneti esker esan beharko genuke, lan politikoa egiten duten talde batzuetako kideak ere gerturatu ziren. Hasteko, talde bakoitzak bere burua aurkeztu zuen eta, jarraian, bertan bildu zen jendeak teknologia berriekin eta gizarte eraikuntzarekin lotutako gaien inguruan eztabaidatu eta hausnartu zuen.
Mahai inguruko taldeak
Bilboko mahai inguru horretan parte hartu zuten zortzi taldeak labur-labur aurkeztuko ditut. Politika 2.0 euskal herritar batzuek antolatutako taldea da, eta teknologia berriek politika egiteko moduan nolako eragina duten aztertzen dute (bai alderdi politikoen arloan, bai beste arlo batzuetan). Teknologia berrien laguntzari esker antolatutako ekimen batzuk ere prestatu dituzte, adibidez, Eusko Legebiltzarrean egin ziren hitzaldiak, baita “119 segundos” eta “11 minutu” proiektuetan grabatu ziren bideoak ere.
Nuestra Causa Espainiako Estatuan lan egiten duen taldea da, eta talde horretako euskal partaideek Denon Artean izeneko ekimen bat ari dira taxutzen Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Getxon. Pro Bono Público taldekoek, Parlio.org izeneko webgune bat egin dute, Eusko Legebiltzarraren jarduna eta legebiltzarkideen lana errazago eta argiago jarraitu ahal izan dadin. Neskateka Laudioko Udalak sustatutako proiektua da, herriko emakumeek kaleetako argiteria hobetzen eta seguruago ipintzen lagun dezaten.
Ohiko gizarte mugimenduei dagokienez, Ezebez hacktibistek bultzatutako “Software librea nahi dugu” sinadura bilketa aurkeztu zuten. Ekimen horren helburua euskal gizarteko eragile guzti-guztiek Eusko Jaurlaritzari software librea gizarteko esparru guztietan sustatzeko eskatzea da. Hamar urte bete berri dituen SinDominio proiektuko kideek ere hartu zuten parte mahai inguruan. Azaldu zutenaren arabera, beren helburua gaztetxeei, autokudeatutako zentroei eta gizarte mugimenduetako hainbat talderi teknologia berriak beren jardunean ustiatzen laguntzea da. Proiektu horrek autokudeatzen duen zerbitzariak software librea bakarrik erabiltzen du, eta ehunka webgune, blog, posta zerrenda eta e-posta kontu kudeatzen ditu; guztiak ere gizarte mugimenduen esparruan mugitzen diren pertsona eta taldeei daude eskainita.
Indymedia Euskal Herria webguneko kideek ere antiglobalizazio mugimenduari lotuta dagoen proiektu hau aurkeztu zuten, gizarte mugimenduei informazioaren esparruan ematen dieten zerbitzua azalduz. Bukatzeko, Hacktivistas taldeko kide batzuek teknologia berrien bitartez antolatu dituzten manifestazioak eta burutu dituzten protestak azaldu zituzten, garatu duten Xmailer izeneko tresna batekin edozein herritarrek Europako Parlamentuko kideei informazioa erraz eta sinple igortzeko aukera emanez. Talde horrek sarearen neutraltasuna eta teknologia berrien inguruko pribatutasuna defendatzen ditu, eta, era berean, Internetek jabetza intelektuala ulertzeko dugun modua eboluzionarazteko ekarpena egiten du.
Mugimenduen eraldaketa
Talde horien guztien jarduna ezagutu ondoren (eta gehienetako partaide naizenez gero), zalantza batzuk sortu zaizkit. Zer dira gizarte mugimenduak? Era honetako taldeak aipatzean, ohiko irudia etortzen zait burura; hau da, gaztetxe edo autokudeatutako beste lokal batetan bilerak egiten dituen kolektibo bat, adostutako erabakiekin aktak idazten eta gero taldeko kideei banatzen dizkienak, eta abar. Gai jakin baten inguruan gizartea sentsibilizatu nahi duten pertsonak hartzen dute parte gizarte mugimenduetako taldeetan. Talde horiek iritzi publikoan eragin nahi izaten dute, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte; hala nola, jaiak, manifestazioak, hitzaldiak edota bestelako ekintza sortzaileak. Hamaika ekimen. Hala, helburu zehatz batzuk lortu nahi izaten dituzte: lege aldaketak, instituzioek leku edo gai baten inguruan duten jokabidea aldatzea eta abar.
Ohiko gizarte mugimenduak aspaldi hasi ziren Internet eta teknologia berriak erabiltzen, batez ere posta zerrendak eta webguneak. Denborak aurrera egin ahala, gizarteko beste agenteek egin duten bezala, gizarte mugimenduek ere gero eta gehiago erabiltzen dituzte Internetek eta sare sozialek ematen dituzten aukerak: eduki kudeatzaileak, blogak, wikiak, albiste partekatzaileak, audio streaminga, video streaminga, podcastak, vodcastak, argazki partekatzaileak, P2P sareak, microblogging sistemak eta abar. Arazoak boterearentzat deserosoak diren edukiekin hasten dira, edota zuzenean agintarien aurka doazen edukiekin. Esate baterako, Italiak blogak legez kanpo usteko ahalegin egin du; Txinak biztanleria osoak Interneten egiten duen erabilera zelatatzen du; Iranek Twitter-en erabilera oztopatzen du; enpresek hedabide alternatiboen aurka egiten dute; Youtuben bideoak zentsuratzea lortzen dute; Israeldarrek beren aurka eta palestinarren alde hitz egiten duen erabiltzaile bat Facebook-etik botatzea lortu du; aisialdirako edukien bitartekariak diren hainbat enpresa boteretsuk P2P sareen aurka egiten dute, eta abar.
Orduan, gizarte mugimendu asko konturatzen dira azpiegitura independenteak garatu behar direla. Eta azpiegitura horien gainean gizarte mugimenduen garapena ahalbidetuko duten zerbitzuak ere bai. Hala eta guztiz ere, enpresa komertzialek sostengatutako webgune eta sare sozial digitalak hain indar handia hartzen ari direnez, gero eta zailagoa da horiek alde batera uztea. Horrez gainera, esan beharra dago gizarte mugimenduetako talde batzuen izaera dela-eta, aipatzen dudan egoerak arazorik ez diela sortzen. Agian botere lobbyen aurkako jardunik egiten ez dutelako edo egiten dutena gobernuei zein enpresei axola ez zaielako, beren energiari probetxua ateratzen diote sare sozial digitaletan. Horren adibidez asko daude Facebook, Tuenti, Hi5 eta Ning sare sozialetako talde askotan.
Estrategia berria
Edonola izanik ere, teknologia berriek oro har duen eragina ikusgarria da, eta, bereziki, Internetek duena: hedabideetan, jabetza intelektualean, giza harremanetan, hezkuntzan eta abar luzeagoan. Gizarte mugimenduetan ere eragin handia izaten ari da, azken urteotan batez ere. Hala, nire ustez, lortu duen puntu honetan gizarte mugimenduetako talde askoren izaera bera ere aldarazten ari da. Mahai ingurura hurbildutako talde berri batzuk horren adibide direlakoan nago.
Bukatzeko, kontuan izan behar da, era berean, estatu eta tokiko gobernu bat baino gehiago Internetek duen parte-hartze filosofia horren harira ekimenak burutzen ari dela. OpenGovernment dute izena mota horretako ekimenek. Beraz, Politika 2.0 markoaren barruan, gizarte mugimenduak eraldatu beharrean daude lehenago ala beranduago, eratzen ari den eskema berri horretan beren lekua eta estrategiak berrikusita. Bide horretan ia dena dago egiteko, eta gure erantzukizuna da gai hauei buruzko hausnarketak ahalik eta gehien sustatzea, gizarte mugimenduek gure gizartean sekulako garrantzia baitute. Eta ziur nago etorkizunean ere halaxe izango dutela, era batera edo bestera.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko urriaren 30ean argitaratu zen.
Azken iruzkinak