Datorren astean Azkue Fundazioak antolatuta, Jakintza libreari buruzko jardunaldi batzuk burutuko dira Bilbon.
Bigarren egunean, maiatzaren 18an, Open Space ekitaldian, Maite Goñik, Gorka Palaziok eta hirurok, bertara gerturatzen direnekin batera euskararekin eta software librearekin lotutako galdera batzuri erantzuten saiatuko gara. Niri lantzea egokitu zaidan galdera ondokoa da: Zer urrats egin ditzakegu software librearen erabilera eta hedapena sustatzeko?
Galdera hemen argitaratzen dut nire hausnarketa batzurekin batera. Inork zerbait proposatu edo gehitu nahi izanez gero, aurrera! Nire erantzuna:
Jabedun software erabiltzaile bezala
Ahal den heinean formatu irekiak erabili. Ikastetxean, lanean, lagun baten etxean edo beste nonbaiten jabedun softwarea erabiltzera behartua baldin bazaude, aurrera, etzazu zure burua flagelatu. Baina gogoratu jabedun softwareak formatu itxiak erabiltzeko joera daukala erabiltzaileak bahitzeko. Beraz, egiten ari zaren atasaren arabera, erabiltzazu dagokion formatu ireki egokia: irudientzako JPEG edo PNG, testuentzako ODT, RTF edo PDF (ez DOC/DOCX), kalkulu orrientzako ODS edo CSV (ez XLS/XLSX), irudi konplexuentzako XCF edo SVG (ez PSD), aurkezpenentzako ODP (ez PPT/PPTX/PPS)…
Software librea erabiltzen duten zure ingurukoei (kontuan izan litekeena dela software librea erabiltzen dutela aipatu ez izana), lana erraztuko diezu eta horrek ere software librea hedatzen laguntzen du.
Era horretan, etorkizunean zu zeu jabedun softwarea erabiltzen hasten zarenean, zure datu gehienak prest izango dituzu. Gainera, formatu librean gordez gero arrisku gutxiago duzu etorkizunean datu horiek ulertuko dituen programa bat lortzeko.
Norbaitek formatu itxi batetan dauden datuak bidaltzen badizkizu (adibidez PPT barregarri bat birbidali dezazun), baliokide ireki bat baldin badago (ODP) zuk formatu irekia erabili (adibidez eduki berbera duen ODP fitxategia berbidaliz eta bidali dizunari ere kopia bat luzatuz fitxategi hori zein programarekin ikus daitekeen azalduz). Nik adibidez mezu hau erabiltzen dut:
OHARRA: mezu honi atxikitutako fitxategia OpenDocument formatu ireki eta estandarrean dago.
Librea (eta doakoa) den
OpenOffice pakete ofimatikoarekin ikus dezakezu
:
http://eu.openoffice.org/ (euskaraz)
Software libre erabiltzaile bezala
Firefox edo Interneteko estandarrak betetzen dituen beste nabigatzaile libreren bat erabiltzen baduzu, noizbehinka Microsoft Internet Explorer jabedun nabigatzailearen berezitasunetara bakarrik egokitutako webguneren batekin egingo duzu topo. Egoera hau jabedun softwareak bere erabilera sendotzeko erabiltzen duen trikimailu bat izanik, software librea sustatzeko, estandar irekiak sustatzea da bidea.
Beraz, webgune horren arduradunekin harremanetan jartzea komeni da (adibidez e-mail bat bidaliz gertatu zaizuna azalduz). Horretaz gain, nahi izanez gero, jendea egoera horren jakitun izan dadin beste ekintza batzuk egin ditzakezu: medioetara idatzi, blogaria bazara artikulu bat argitaratuz, existitzen diren beste foro eta antzeko webgunetan berria zabalduz eta abar.
Familian eta lagun artean
Software libre baten edo gehiagoren erabiltzailea bazara, software librearen erabilera sustatzeko beste gauza asko egin ditzakezu. Hasteko, zure lagun eta familiari software librearen aukeraz mintzatu eta dituen abantailak azaldu. Ez hori bakarrik, ohikoa da software librearen alde daudenek bere ingurukoei software mota hau instalatzea eta mantentzen laguntzea. Batzutan programa zehatz bat instalatuz eta erabiltzen azalduz eta beste batzutan sistema eragile guztia aldatuz (adibidez Ubuntu) eta mantentzen lagunduz.
Gure ingurukoek sistema eragile libre bat instalatzen animatu daitezen (jabedun sistema eragilearen ordez edo sistema horretaz gain, disko gogorra handia bada) instalazio jaiak ospatzea aukera on bat da. Era horretan, software librea erabiltzen duten lagun batzuk bildu eta denen artean beraien lagun eta ezagunei egun berdinean eta leku berdineanberaien ordenagailuetan software librea instalatzen eta erabiltzen laguntzen diete.
Eskolan eta lanean
Beste leku askotan ere software librearen aukera hor dagoela gogoraraztea ondo etorriko zaie: eskolan, lanean, etab.
Zure ikastetxean adibidez, klaseak emateko jabedun softwarea erabiltzen bada, jendeak zuzenean libreak diren programak erabiltzen ikasteak duen garrantziaz mintzatu zure irakasleekin eta informatika arduradunekin. Ez zara aditua izan behar horrelako eskari bat egiteko, izan ere, jabedun softwarea irakatsiz etorkizunean kalte egingo dizun menpekotasun bat sortarazten ari bait dira zuregan, eta hori salagarria da noski.
Lantegi edo bulego baten lan egiten baduzu eta jabedun softwarea erabiltzen bada, galdetu zergatik (askotan ohituragatik besterik ez da izaten). Arrazoi askorengatik, enpresari software librera pasatzeko plan bat burutzea mereziko dio eta zenbat lehenago hasi hobeto. Software librea erabiltzeagatik langileek onura asko jasotzen badituzte ere, enpresek beste onura batzuren artean software lizentzietan aurrezteko aukera dute.
Herritar bezala
Euskal Herriko biztanle bat gehiago bezala, ekintza desberdinak burutu ditzakezu software librea bultzatzeko. Adibidez, udaletxeko liburutegietan Internet-en nabigatzeko zerbitzuak izaten ohi dira. Ordenagailu horietan Firefox bezalako nabigatzaile libreak instalatzeko eskaria egin dezakezu. Nik egin nuen eta handik egun gutxira Firefox Euskaraz erabilgarri zegoen.
Hauteskundeetan bozkatzen dutenetakoa bazara, alderdi politikoen programa aztertzea gomendatzen dizut eta software libreari eta estandar irekiei buruz zer dioten begiratu dezakezu. Hauteskunde garaian euskal blogetan gai hau jorratzen duenik ere aurkituko duzu, zuk egin beharreko lana gutxituz.
Azkenaldian alderdi politiko batzuk herritarren ekarpenak eta parte hartzea eskatzen dute beraien programak osatzeko. Beraz, horrelako ekimenak ere uztiatu daitezke software librearen hedapena sustatzeko.
Hausteskundeei itxaron gabe ere, tokiko gobernuei softwarea librearen alde lan egin dezaten eskatzeko aukera ere badago. Hori da hain zuzen SoftwareLibreNahiDugu ekimenaren helburua. Software librearen alde beste hainbat ekitaldi publiko ere egin daitezke, adibidez Software Freedom Day ospakizunetan parte hartzea. Gizarteko kidea zarenez geroztik hamaika dira gizartean eragina izan dezaten egin ditzakezun gauzak. Asmatu berri bat eta aurrera!
Informazio igortzailea bazara (blogariak)
Hedabide batetan lan egiten baduzu, software librea zer den eta zeintzu onura dituen helarazteko aukerak ere izan ditzakezu. Baita informazio igortzaile izan zaitezkeen hegoera asko eta askotan ere: lagunekin hitzegiterakoan, familian eta abar. Blogaria bazara edo Interneteko webgune eta zerbitzu desberdinak erabiltzen badituzu (foroak, mikro-blogging plataformak eta abar), software librearen alde egiteko aukerak izango dituzu: software zehatz bat gomendatuz, beste erabiltzaileei zure laguntza emanez, eta abar.
Jendaurrean hitz egitea zuretzat oztopoa ez bada, zuk zeuk software libreari buruzko hitzaldiak eta demostrazioak egim ditzakezu. Ezagutza tekniko asko badituzu ondo, baina ez pentsa hori beharrezkoa denik. Jende gehineak oraindik ez du software librea inoiz ikusi eta zure azalpenak oso baliagarriak eta preziatuak izango dira. Animo!
Hizkuntzak baldin badakizkizu
Software librea tresna oso egokia da hizkuntza murriztuentzat eta horregatik software librea eta euskara uztartzen dituzten euskaldun asko daude: Librezale taldea, EuskalGNU taldea eta beste hainbat eta hainbat norbanako.Ezagutza tekniko gutxi edo bat ere izan gabe, hizkuntzat jakinda (batez ere ingelesa), software libre desberdinak euskaratzeko aukera dago. Baita programen webguneak, esku liburuak eta abar. Horrelako lanekin ere software librearen erabilera eta hedapena sustatzen da, zalantzarik gabe.
Irudigintza gogoko baduzu
Idaztea baino marraztea nahiago baduzu, software librea eta formatu irekiak bultzatu ditzakezu. Adibidez software libreko programek noizbehinka sortzen dituzten parte hartze irekiko ekimenetan.
Ezagutza teknikoak badauzkazu
Ezagutza oso teknikoak badauzkazu noski, nabariak dira software librea bultzatzeko egin ditzakezunak: software libre proiektuetan programatu edo proiektu berria hasi, programatzaileei softwarea ordenagailu mota eta instalazio mota desberdinetan frogatzen lagundu eta abar. Baina ikus daitekeenez, ez dira ezagutza tekniko oso sakonak eduki behar software librea beste modu askotan sustatzeko. Ekin diezaiogun bada!
Artikulu hau bukatzeko, Jakintza librearen jardunaldiei buruz beste gauza bat esan nahi dut. Maiatzaren 19an ere hitzaldi interesgarri batzuk izango dira. Begiratu egitaraua informazio gehiago izateko. Ez galdu!
Aldaketa (2010/05/16): Josuk iruzkinetan gogorarazi dudan bezala, zerrenda honetara software librea bultzatzeko beste modu batzuk gehitu ditut: lagunei software librea instalatzea eta erabiltzen irakastea, instalazio jaiak, hitzaldiak, demostrazioak, ekitaldiak kalean, … Eskerrik asko Josu! Zer gehiago?
Aupa Txopi,
Oso ona zure bilduma, aplikatzeko modukoak.
Dena den, beste bat , niretzat oso garrantzitsua dena, ahaztu zaizula uste dut. “Lehengusuarena” edo “koinatuarena” egiten duzunean (hacer el primo) eta zure ahaide edo lagunen batean bere etxera gonbidatzen zaituenean bere ordenagailua oso motel edo birus beteta dagoela eta, Software librea instalatu horrela gutxiago deituko dizu
Ezin naiz joan zuek entzutera, pena bat. Baina zabalduko dut mezua eh!
Joe! Ez dakit zertan nabilen teklatuarekin. Ulertu da, ez?
Beste arrazoi bat software librea erabiltzeko Danik ematen du post honetan:
http://www.danitxu.com/2010/05/13/%C2%A1que-viene-la-bsa/
Aupa Josu: Arrazoi osoa daukazu. Daniren hitzaldiari buruzko esteka gehitu dut eta zuk aipatutako aukerak eta besteren bat gehitu dut artikulua. Eskerrik asko
Pingback: Software librea behar dugu! « Bihar da berandu
Pingback: maitego» Blog Archive » Open Space Azkue Fundazioaren eskutik: euskara & Internet XXI. mendean