Munduko hedabide alternatiborik handienak 10 urte bete ditu.
1999an, Munduko Merkataritza Erakundea urte hartako gailurra Seattle hirian ospatzekoa zela eta, gizarte mugimenduetako kide asko gailurraren aurkako manifestazioak eta beste hainbat protesta eta ekintza errebindikatzaile burutzeko prestatzen ari ziren. Botere lobbyek kontrolatutako hedabide korporatiboek talde horien arrazoiak, argudioak eta ekintzak txarto ematen zituzten aditzera nahita eta, ondorioz, urte hartan, hedabide independenteentzat Interneten gune bat prestatzea erabaki zuten. Hala, gizarte mugimenduetako aktibistek, gailurra ospatzen zen bitartean burutu ziren protesten inguruko kronikak, argazkiak, hausnarketak, bideoak eta era guztietako albisteak eta artikuluak argitaratu zituzten, albiste agentzien eta mass-media ahalguztidunen hesia apurtuz. Globalizazio ekonomiko soilaren aurka Seattle hirian batutako aktibistek ezbairik gabeko arrakasta lortu zuten, Indymediako lehen webgune horri esker beraien ahotsa mundu osora zabalduz.
Lortutako emaitzak ikusita, munduko talde ezkertiar eta aurrerakoi asko, lehen webgune horren eredua jarraituz, teknologia berriek eta bereziki Internetek eskaintzen zituen aukerak erabiltzen hasi ziren. Era horretan, hedabide independenteen gune desberdinak sare bat eratzen joan ziren, Indymedia bezala ezagutzen duguna hain zuzen. 2002. urtean Indymediak jada 90 webgune inguru zituen, Euskal Herrikoa eta Palestinakoa barne. 2006. urtean Indymediak 150 nodo baino gehiago zituen eta gaur egun, hamarkada baten ondoren, Indymedia sarea ia 200 webgunek osatzen dute. Beraz, munduko txoko gehienetan gertatzen diren gatazkei buruzko informazio iturri alternatiboa izatea lortu du Indymediak. Tokiko agintariek eta gobernuek diotenaren ordez, herritarrek zuzenean emandako informazioa eta datuak zabaltzen dituen hedabideen sarea.
Indymedian edonork argitaratu ditzake albisteak, Argitaratze Irekia izenarekin ezagutzen den printzipioa jarraitzen baitu. Jello Biafra musikariaren esaldi ezagun bat lelotzat hartu zuen Indymediak, zerbait esateko duen herritar oro kazetari bihurtuz: “Don’t hate the media, become the media” (Ez itzazu hedabideak gorrotatu, bihurtu zaitez zu hedabide). Bestalde, bere sorreratik Indymediak antiglobalizazio mugimendua deitu ohi zaionarekin loturak dituenez, globalizazio neoliberalaren aurka dauden aktibista askoren beste lelo hau ere bere egiten du: “Think globally, act locally” (Pentsatu globalki, ekin lokalki). Eta beraz, ehunka mila aktibistek, hainbat hizkuntzatan, gai mota zenbatezinak jorratzen dituzte egunero Indymediaren webgune desberdinen bitartez. Informazio hori guztia irrati libreekin, fanzineekin eta beste hainbat hedabide alternatiborekin trukatzen da, denen artean gizarte mugimenduen ahotsa ahalik eta gehien zabalduz. Adierazpen askatasuna eta informatua izateko eskubidea bermatzea du helburu Indymediak eta, horretarako, beste hedabideetatik desberdintzen duten ezaugarriak ditu.
Indymediaren bereizgarriak
Indymediako webguneek software librea bakarrik darabilte, software mota honek bakarrik ematen baitie teknikariei behar duten potentzia guztia (posta zerrendak, wikia, IRC txata, datu-baseak, web zerbitzariak, multimedia eduki kudeatzaileak, etab.), malgutasuna (programak norberaren beharretara moldatzeko aukera, adibidez programa euskaratuz) eta fidagarritasuna (programaren saltzaileek edo beste norbaitek nahita segurtasun akatsik eta Atzeko Ateak bezala ezagututakorik ezarri ez duela egiaztatzeko modua eskainiz). Azken gai horrekin lotuta, Indymediako zerbitzariek, beraien erabiltzaileen pribatutasuna bermatzeko, ez dute konektatzen den jendearen IP helbiderik gordetzen, poliziak edo epaileek eskatuz gero edo, inoiz gertatu den bezala, zerbitzariko disko gogorrak konfiskatuz gero, erabiltzaileen nortasuna jakitea teknikoki ezinezkoa izan dadin. Zerbitzari batzuek, horrez gain, disko gogorretako datuak kriptografia bitartez zifratuta gordetzen dituzte, bertako informazioa inork irakur eta alda ez dezan.
Horrez gain, Indymedia sareko webguneek beraien edukiei «copyleft» oharrak eta lizentzia libreak ezartzen dizkiete, webgune horietan egunero argitaratzen den albiste eta eduki jarioa bera ere libre bihurtuz. Era horretan, aurretiaz baimenik eskatu beharrik gabe albisteak edonork kopia eta zabal ditzake, aktibistek igorritako informazioa ahalik eta gehien hedatuz. Gainera, denborak aurrera egin hala, munduko gertakari asko eta askoren lekukotasuna gordetzen du Indymediak. Nolabait, Indymedia albisteen Wikipedia dela esan dezakegu, baina sarri boterearentzat oso deserosoak diren edukiak kudeatzen dituenez, erabiltzaileei segurtasun gehigarri bat ematen diena.
Indymedia Euskal Herria
2001. urtean, G8 taldeak Italiako Genoa hirian egin zuen bileraren aurkako ekintzetan parte hartzera gerturatu ziren euskal aktibistek bertan sortutako hedabide independenteen gunea ezagutu zuten: aktibistak etengabe gertatutakoaren inguruko albisteak, argazkiak eta bideoak igotzen, itzultzaileak, ordenagailuak, sareko konexioa, behin-behineko irrati bat… eta dena autokudeatuta. Aktibista horiek, Euskal Herrian Indymediako nodo bat sortzea oso interesgarritzat jo zuten eta, atez ate ibili ondoren, 2002ko urtarrilean Europako Indymediek Berlinen burutu zuten bileran beraien proiektua aurkeztu zuten.
Lan asko egin ondoren, 2002ko ekainaren 24an, San Juan gauean, Indymedia Euskal Herria webgunea martxan jarri zen eta garai hartan Indymediak dagoeneko irabazia zuen izen onari esker, euskal gizarteko agente asko, batik bat Euskal Herriko gizarte mugimenduak, aktibistak eta beste hainbat, hedabide independenteen gunea erabiltzen hasi ziren.
Indymediaren iraultza
Indymediak lortutakoa zalantzarik gabe goresgarria bada ere, gaur egun bere papera pixka bat alboratuta dago. Jende askok eta askok jarraitzen du Indymedia osatzen duten webgune desberdinak erabiltzen albisteak zabaltzeko eta kalean gertatzen denaren berri izateko, baina azken urteotan teknologia berriak ikaragarri hedatu dira munduko txoko ugaritan. Lehen, Argitaratze Irekiaren printzipioari esker, Indymediak antzeko aukerarik ez zeukatenek beraien kabuz berriak era errazean (web 2.0a erabiliz), azkarrean (segundo batzuen ondoren informazioa guztientzat ikusgai dago) eta zuzenean (hedabide korporatiboetako bitartekaririk gabe) argitaratzeko aukera ematen zuen.
Orain ere aukera horiek guztiak ematen ditu Indymediak, baina gaur egun norberak bere bloga sortzea hain da erraza, argazkiak eta bideoak igotzeko webguneak hain daude hedatuta, Indymediak eskaintzen duena ez dela lehen bezain berritzailea eta erakargarria. Horrenbestez, gizarte mugimenduen eta aktibisten jarduna blog eta zerbitzu desberdinetan barrena gero eta sakabanatuago dago. Gainera, kasu gehienetan enpresek gidatutako webguneak erabiltzen dira informazioa zabaltzeko (Blogger, Blogspot, Youtube, Facebook) eta, noski, horiei jendearen adierazpen askatasunak bost axola die; ez hori bakarrik, botere lobbyek informazio deseroso bat kentzeko edo pertsona bat identifikatzeko eskatzen dietenean, laguntza ematen diete.
Teknologia berriek ekarri dituzten aukera eta zerbitzu gehienak onuragarriak dira, horretan ez dago zalantzarik, baina Indymedia sortua izan zen jende motarentzat, arriskuak ere badakartzate hain modan dauden webgune ezagun askok. Maiz, jendeak ulertu ere egiten ez dituen arriskuak gainera. Hori dela eta, azken urteotan Indymedia eraldatzeko ideiak eta proiektutxoak agertu dira: IMC-CMS, IMC Alternatives, Indymedia Revolution… Sare sozial digitalak azkenaldian izaten ari diren arrakasta ikusita, Indymedia 2.0 baten beharrak gero eta premiazkoagoa dirudi. Hamargarren urteurren hau momentu egokia izan daiteke Indymediaren informazio eredua berritu eta biziberritzeko.
Datorren azaroaren 14an, larunbata, Indymedia Euskal Herria webguneko talde editorialak eta talde teknikoak asanblada bat ospatuko dute Iruñean eta, beste gai batzuen artean, Indymediak behar duen iraultza horri buruz ere arituko dira, Indymedia Euskal Herria webgunean nolako moldaketak egitea komeni den aztertuz. Interesa izanez gero, beraien webgunean begiratu harremanetan nola jarri eta zoaz bilera horretara, Indymedia Euskal Herriko bilera guztiak bezala guztiz irekia baita.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko azaroaren 13an argitaratu zen.
We Make Radical Media You Make Adverts.
Copyright-aren azken perla: Enpresa batek @Radical Media LLC izena erregistratu zuen, eta gainontzekoei izen hori erabiltzea debekatu.
http://radicalmediaconference.wordpress.com/
Harrigarria benetan! Eskerrik asko estekagatik Teresa