Informazioa

ikusimakusi ikurra

Marko Txopitea deitzen naiz, sarean Txopi ezizena erabiltzea nahiago badut ere. Webgune hau Interneten dudan txokoa da. Lehenago izan nuen beste txoko bat baina blog zaharra itxi eta berri hau daukat orain. Nirekin kontaktuan jarri nahi izanez gero idatz iezadazu e-posta mezu bat helbide honetara:

info@ikusimakusi.eus

Datu pertsonalak

Lekeition hazi nintzen, ikasketak zirela eta Bilbora joan nintzen arte. Urte dezente daramat Barakaldon nire familiarekin bizitzen. Nire adina? 1975. urtean jaio nintzen. Beraz, atera kontuak…

Ikasketak

Deustuko Unibertsitatean ingeniaritza informatikoa ikasi nuen. Beste ikastaro batzuk ere egin ditut baina gustukoen dudana nire kabuz ikastea da. Hain zuzen ere horretan dihardut etengabe!

Lana

GFI eta Tecnocom izeneko aholkularitza informatikoetan egin nuen lan urte luzez. Horretaz gain, noizbehinka garapen txiki batzuk egin ditut diru-truk. Hizlari bezala eta prentsarako artikulugile bezala ere aritu naiz. GARA egunkariko GAUR8 astekarirako adibidez urte bat baino gehiago aritu nintzen teknologiari eta komunikazioari buruz idazten. 2013. urtetik DIDAKTIKER-eko I+G sailean lan egiten dut.

Borondatezko lana

Geldirik egoten ez dakien ipurterre horietako bat naiz eta familiarekin, lagunekin, ikasketekin eta lanarekin nahiko ez banu bezala, hainbat talde, elkarte, gizarte mugimendu eta ekitalditan parte hartu dut eta parte hartzen jarraitzen dut. Sartu naizen saltsa guztiak zerrendatu ordez (nahiko banu ere ez dut uste gai izango nintzatekeenik), ekimenotako gehienek dituzten ardatzak aipatuko ditut: euskara, hacktibismoa, software eta informazio askea, asanblearismoa.

Interesak

Nire interesak goragoko ataletatik ondorioztatzen diren gaiez gain, ondokoak ere badira: natura, ekologia, zientzia, hizkuntzak, matematika, kriptografia, pribatutasuna, argazkilaritza, komikigintza, diseinu grafikoa, antikapitalismoa, anarkismoa, deshazkundea…

Ezagutzen ez nauzuenok nire avatar bezala maiz erabiltzen dudan Max Headroom pertsonaia bezain friki jasanezina naizela pentsatu aurretik, zaletasun askoz arruntagoak ere baditudala argitu nahi dut: bidaiatzea, parrandan joatea, ondo jatea eta edatea, herri eta auzoetako jaiak, seme-alabekin jolastea, camping-ean joatea, mendia, hondartza…

Curriculumak

Amaitzeko, kuxkuxeroenentzat opari bat: 2013an prestatu nituen curriculum vitae-ak.

Diseinatzailea

diseinatzailea

Garatzailea

garatzailea