Puxtarri labirintoa

Noizean behin seme-alabekin eskulanak egiten ditut. Denok ikasi eta ondo pasatzen dugu. Egin dugun azken eskulanak oso material eskura errazak eskatzen ditu eta gainera espero ez genuen alde pedagogiko gehigarria ere badu. Horregatik, hemen partekatzea bururatu zait. Jarri dioten izena “puxtarri labirintoa” da πŸ™‚

eskulana
Irudi originala

Beharko duzun materiala:

  1. Kartoizko kutxa bat. Guk zapata kaxa baten estalkia erabili dugu.
  2. Edarientzako lastotxoak. Etxean koreerazko hitza erabiltzen dugu hauek izendatzeko: λΉ¨λŒ€ (palΒ·te)
  3. Errotulatzaile bat. Gure kasuan, sukaldean lastotxo beltzak genituenez, errotulatzailea ere beltza erabili dugu.
  4. Zelo-zinta. Egia esan, arkatz bat ere erabili dugu lehenik eta behin kutxa gainean ibilbidearen zirriborro bat egiteko eta ondoren denon artean lasto zatiak mozten joan eta zeloarekin itsasten joateko.
  5. Artaziak. Lastoak eta zeloa mozteko erabili ditugu. Haurrek oso gustuko dute artaziekin gauzak moztea. Egia esan, labirintorako erabili ez ditugun lastotxo asko guraizearen ahoak txikitu ditu, baita mahai gainean zeuden paper batzuk ere πŸ˜‰
  6. Puxtarri bat. Eta azken osagaia, zalantzarik gabe garrantzitsuena haurren ikuspuntutik, puxtarri, kanika edo pilotatxoa! Etxean bat ere ez bazenu, aluminio-papera tximurtuz pilotatxo bat egin dezakezu.

Nire sei urteko semeak asko disfrutatu du eskulan hau egin genuen bitartean. Egia esan, geroago jostailua erabiltzen baino gehiago. Hiru urteko alabak artaziak hartu eta etxeko lastotxo ia guztiak mozten aritu da. Eskerrak ez zaiola gosaltzeko erabiltzen dituztenak ere moztea bururatu! πŸ˜€ Amaitu dugunean etxeko pilota txiki eta ertain guztiak labirintoaren gainean jartzen aritu da. Jakina denez, haurrak edozerekin jolasteko gai dira. Kar kar kar…

Hasieran aipatu dudan bezala, eskulan honek alde didaktiko bat ere badu, batuketak eta kenketak praktikatzeko balio baitezake. Etxeko handienak, sei urtekoak, fruta batzuk aukeratu eta margotu ditu papertxo batean eta puxtarria gainetik pasatzerakoan zenbat puntu ematen zituzten ere proposatu du. Bonba bat ere margotu du puntuak eman ordez kentzen zituena. Bide osoa eginez gero 10 puntu lortu behar zirela esan dit eta horrela erabaki dut izarrak eta bestelako osagaiak non jarri eta zehazki zenbat puntu eman. Dena amaitu dugunean jostailua probatzen ibili gara eta berak batuketen eta kenketen bitartez egiaztapenak egin ditu. Kostatu zaio, batez ere hasieran, hatzak erabiltzen baititu zenbaki handiekin.

Bukatzeko, sorpresa bezala 11 puntu lortzeko bide bat dagoela esan diot eta ulertzen ez ninduenez labirintoko bigarren izarretik pasatu behar dela esan diot (ikus labirintoaren eskuinean behean). Ibilbidea jarraituz urratsez urrats batuketa eta kenketa guztiak egin ditu (batzuetan zuzendu behar izan badut ere) eta 11 puntuak lortuz ibilbidea osatzea lortu dugu.

Egun batzuk barru labirintoa berriz probatzera animatuko dut seme nagusia, ea jostailuak batuketak eta kenketak praktikatzeko balio dion. Nik uste baietz. Alaba txikiari, hiru urtekoari, ez zaio otu berak ere labirintoa puxtarriarekin egitea. Akaso zailegia irudituko zitzaion. Baina bion artean kutxa eskuetan hartu eta labirintoan gora eta behera ibili gara. Oraindik ez du ikasi pilota berak nahi duen bidetik joatea baina garrasi eta algara ederrak bota ditu elkarrekin helmugara heltzea lortu dugunean.

Beraz, guztiok primeran pasatu dugu eta zuk ere seme-alabarik edo haur txikirik inguruan izatekotan, honelako eskulan bat egitera animatzen zaitut. Labirinto berdintsua edo guztiz desberdina egin dezakezu. Animatu!

OHARRA: goiko irudia prestatzeko Inkscape aplikazioa erabili dut eta SVG fitxategi hau sortu dut:

SVG
labirintoa.svg (9 KB)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude