Kaixo

Artikulu hau blog berri bat sortzen denean idatzi ohi den “Kaixo mundua!” izenburudun lehen artikulua da. Baina nik “Kaixo” bakarrik idatzi dut, mundua oso zabala delako eta munduko biztanleriaren gehiengoak, nahiko balu ere, artikulu hau irakurtzeko inolako aukerarik ez duelako. Izan ere, munduan bizi garen zazpi mila milioi gizabanakootatik gehienek ez daukate Internet konexio bat erabiltzeko aukerarik, ez ordenagailurik, ezta telefono adimentsurik ere. Eta hori, nahiko banu ere, ahaztu ezin dudan zerbait da.

Horretaz gain, blog hau hizkuntza bakarrean idatzita dago (euskaraz), eta horrek ezinbestean hartzaileak murrizten ditu; gutxi gora behera, zazpi mila milioitik bi milioira. Baina kaixo xume eta apal honen oihartzuna hori baino askoz txikiagoa da. Izan ere, gaur egun euskara ulertzeko gai diren bi milioi euskaldun horietatik, euskara benetan erabiltzen dutenak askoz gutxiago baikara. Nire agurra beraz, “Kaixo mundua!” teknozale horrek aditzera ematen duena baino esparru txikiagoari zuzenduta dago.

Hori guztia gutxi balitz, euskararen hiztunpolisa osatzen dugun pertsona mota guztiak ahotan hartu nahi ditut, beraiei guztiei ere zuzendu ezin naizela baitakit. Horrela, adibidez, nire familiako gazteenek irakurtzen ez dakitenez eta nire familiako nagusienek “Internet ulertzen ez dutenez”, nik hemen argitaratutakoak nekez jasoko dituzte. Berdina gertatzen zait beste hainbat lagun eta ezagunekin ere. Posible da irakurleak ere, nik bezala, profil hauetako hurkoak izatea.

Onduan nori zuzenduak daude lerro hauek? Bada, denboraren amaigabetasunean ziberespazioko txoko honetan nirekin topo egin duen irakurle-kide horri; zuri, hain zuzen. Eta beste edozein euskal blogarik bezala, pozik idazten dizut gure bideak gailuaren klik-klik edo tap-tap batetik hurrengora doazen bihotzaren taupa-taupa gutxi batzuez bakarrik gurutzatu direla badakidan arren.

bihotz taupadak

Orain kokatu zaitut. Orain esan dezaket: kaixo.

…eta agur.

…edo gero arte. Esan gabe doa nik nahi nuena esan dizudan bezala, zuk ere berdin egin dezakezula. Horretarako, artikulu honi iruzkin bat egin, e-posta bat bidali edo gogokoen duzun bidea erabil dezakezu nirekin harremanetan jartzeko.

Ongi etorri,

Txopi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude