Estatu zelatariak

Teknologia berriek hainbat onura ekarri dituzte, baina beraien alde iluna ere oso kontuan izan beharra dago. Dakartzaten kalte, albo-ondorio eta arrisku guztien artean bat, zelatatze masiboa da. Gailu teknologikoen bidez, herritarrek egiten duten gero eta ekintza gehiago eta zehatzagoak grabatzeko, iragazteko eta antzemateko aukera dago eta estatuek aukera hori gogoz ustiatzen dute.

kamera bat oinezkoak grabatzen

Argazkiaren jatorria: Iñaki Errazkin

Gobernuek diote informazio andana gure segurtasuna bermatzeko behar dutela, baina gezurretan ari dira. Estatuek big data delakoa kontrol sozialerako erabiltzen dute; estatu quoa mantentzeko, herri mugimenduek konpondu nahian gabiltzan arazo larri batzuk inoiz konpon ez daitezen ziurtatzeko.

Estatuek herritarrak zelatatzearen arrazoi nagusia, autozentsura bultzatzea da, herritarrak otzanagoak bihurtzea. George Orwellek hau idatzi zuen 1948an:

Edozein unetan zelatatuak izan gaitezkeela uste badugu, uneoro zelatatuak izango bagina bezala jarduten dugu. – 1984 eleberria.

Panoptikoaren efektua aski ezaguna da kontrol sozialaren esparruan eta estatuek hori baliatzen dute herritarren aurka, gizarte osoa nolabait kartzelaratzea eskatzen duen arren.

Norbaitek galde lezake: «Estatuek herritarrak zelatatzen dituztela? Ez al ziren bada AEBtako enpresa teknologiko handiak zelatatzen gintuztenak?» Bai, horiek ere bai. Eta maiz estatuei laguntzen diete big data delakoari zuku guztia ateratzen. Baina estatuek ere hainbat baliabide bideratzen dituzte herritarrak zelatatzeko. Hainbat instituzio eta funtzionario mota dago horretan lanean. Eskuineko alderdi politikoek, batzuetan ezkerrekoek lagunduta, herritarrak zelatatzeko legeak onartzen dituzte. Dirutzak ateratzen dira herritarron poltsikotatik, zertarako eta estatuek gu zelata gaitzaten eta informazio horrekin kontrola gaitzaten.

Hauek lirateke Euskal Herritarroi zuzenago eragiten dizkiguten estatuen zelatatze baliabideak informazio eta komunikazio teknologien (IKT) esparruan:

Estatu zelatariak 1

Grafiko horretan hainbat datu sartu ditut eta hamaika gauza interesgarri esan litezke aipatzen diren izen guzti horietaz, baina ez daukat horretarako denbora eta indar haina. Hala ere, zenbait jenderi deigarriago gerta dakioken aipamen bat behintzat azaldu nahi dut. Grafikoa ikusi eta norbaitek esan lezake: «Zer ikusi du Ertzaintzak IKTen zelatatze masiboarekin? Ertzaintzak ez ditu herritar guztiak zelatatzen!» Galdera horri erantzuteko, azter dezagun adibidez Kataluniako poliziaren ezkutuko jardunei buruz dakiguna.

Anonymous taldeak, Mossoek herritar xumeak Twitter sarean zelatatzen zituztela erakutsi zuen. Talde honen 2013ko filtrazio horretan, poliziak aurreko urtean idatzi zituen hainbat txosten argitaratu zituen. Isilpeko txosten horietan Twitter plataforman traol berriak sortu ahala poliziek nola identifikatu, sailkatu eta denboran zehar jarraipena egiten zieten argi eta garbi ikusten da, iruzkinak eta balorazioak gehituz. #1demaig, #caixarolada edo #12m15m bezalako traolak zelatatzea inori normala iruditzen al zaio? Traol bakoitza lehen aldiz nork erabiltzen zuen eta bere lagunak nortzuk ziren aztertzea inori normala iruditzen al zaio? Hori ez al da gizarte mugimenduak zelatatzea? Hori ez al da herritarrak masiboki zelatatzea? Zein interes du datu horien jarraipena egitea? Batutako informazio guzti horrekin zer egiten zen/da? Erantzunik gabe geratuko diren galdera asko… Filtrazio bati esker ezagutu genuen kasu hau ikusita, inork uste al du Mossos d’esquadra horretan aritzen bada Ertzaintza ez dela berdintsu jarduten? Litekeena da Ertzaintzak webgune, blog, Twitter, Facebook, Instagram eta abarren edukiak sistematikoki zelatatzea eta informazio horrekin ezagutzen ez ditugun ekintzak burutzea.

Zerrendan agertzen diren SITEL eta VIDGE sistemak edonori oilo-ipurdia jartzeko modukoak dira, baina ez gaitezen gehiegi luzatu. Interesa duenak irakur dezala Wikipediak zelatatze masiboari buruz duen ataria.

Ondoko grafikoan beste hiru gune geografikotan herritarrek estatuengandik pairatzen duten IKTetako zelatatze baliabideak bildu ditut:

Estatu zelatariak 2

Hirugarren zutabean agertzen diren sistema gehienei buruz ezer gutxi badakigu ere, kasu batzuetan behintzat existitzen direla publikoki onartuta dago. Hala ere, kasu gehienetan talde eta norbanakoek egin dituzten filtrazioei esker dugu beraien berri: WikiLeaks webgunea, Edward Snowden informatzailea, Anonymous taldea eta abar luze bat.

Grafikoan aipatzen diren baliabideak, aurrekoak bezain zuzen ez digute eragiten, baina tamalez, zeharka bai. Izan ere, estatuek herritarren datu pribatuak elkar trukatzen dituztela jakina da. Horretxegatik, litekeena da gure etxetik atera ez arren grafiko horretan agertzen diren atzerriko sistema batzuetan gure datuak erabiltzea.

Eta zuk zer uste duzu larria bezain ezezaguna den gai honi buruz? ez da horrenbesterako? irabazten ei dugun segurtasunak, gizarte bezala galtzen dugun guztia ordaintzen ote du? zer egin genezake bidegabekeria hauek konpontzeko? informatu? filtrazioak egin? gardentasuna eskatu? legeak aldatu?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude