Ikusi makusi » publico http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Jabetza publikoaren eguna 2009 http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/jabetza-publikoaren-eguna-2009/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/jabetza-publikoaren-eguna-2009/#comments Mon, 12 Jan 2009 13:09:39 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/jabetza-publikoaren-eguna-2009/ Irakurri gehiago →]]> egutegia
Irudi originala

Urte hasierako eta bukaerako egunetan ospakizun ugari izaten ditugu: Santo Tomas azoka, Olentzero, Gabonak, Errege Magoak eta abar. Hainbeste ospakizun eta oparirekin nahikoa izango ez bagenu ere, nik ospatzea merezi duen beste egun bati buruz hitz egin nahi dizuet. Opari eta guzti datorren eguna gainera: jabetza publikoaren eguna, urteko lehen egunean.

Izan ere, munduko legedi gehienetan, egile eskubideen iraungitzea urteka egiten da, eta beraz, urtarrilaren 1ean sormen lan ugari jabetza publikoaren baitan geratzen dira. Urtero-urtero, beraz, egun berezi honetan, mundu zabaleko hainbat kantu, nobela, ipuin, film, antzezlan eta abarrek copyright-aren atzaparretatik ihes egiten dute. Hori gertatzen denean, interesa duen edonork lan hori nahi bezala erabiltzeko, kopiatzeko eta birmoldatzeko baimena du. Lan hori, herriaren jabetza bihurtzen da, guztiz askea. Azken batean, copyright-a epealdi baterako babesa besterik ez da, eta urte batzuk igarotakoan, goizago ala beranduago, aske geratzen da. Baina noiz iraungitzen dira egile eskubide horiek?

Egile eskubideen iraupena

Lehenik eta behin, egile eskubide desberdinak daudela jakin behar dugu. Alde batetik, eskubide moralak daude (egiletasuna aitortzea, lanaren osotasuna errespetatzea…) eta, bestetik, ustiapen eskubideak (erreprodukzio eskubidea, banaketa eskubidea, eraldaketa eskubidea…). Eskubide moralak egilearenak dira beti, baina ustiapen eskubideak egileak beste bati edo batzuei utz diezazkioke (editoreari, diskoetxeari…). Azken hauek dira, copyright izenarekin ezagutzen direnak. Beraz, egile eskubideak copyright ezaguna baino gehiago dira, eta lan beraren egile eskubideak pertsona edo/eta enpresa batek edo batzuek izan ditzakete. Ikus daitekeenez, gaia nahiko korapilatsua da.

Eta hori guztia are zailagoa egiteko, estatu bakoitzak jabetza intelektuala arautzeko lege desberdinak ditu eta babes-epe desberdinak ezartzen ditu. Askotan gainera, egilea pertsona naturala (gizakia) ala pertsona juridikoa (adibidez, enpresa bat) den, iraupen desberdinak ezartzen dira. Lan motaren arabera ere, lege batzuek eta besteek, egile eskubideetan desberdintasunak eragiten dituzte, baita iraupenari dagokionez ere.

Egile eskubideek izan ohi duten iraupena, egilea hil eta 70 urtekoa da

Hala eta guztiz ere, oro har, egile eskubideek izan ohi duten iraupena, egilea hil eta 70 urtekoa da. Hau da, lana sortu zuen pertsona hil eta 70 urte gehiagokoa. Beraz, egilea hil eta 71. urteko urtarrilaren 1ean, lan horren egile eskubideak desagertu egiten dira eta lana jabetza publikoarena bihurtzen da.

Ipar eta Hego Euskal Herria

Irizpide hori da orokorrean Europan erabiltzen dena, eta baita Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ere. Kanadan eta Australian berriz, egile eskubideen iraupena egilea hil eta 50 urtekoa da, lan mota batzuek 60 urteko babesa badute ere. Dena den, AEBetan, egilea enpresa bat denean (enpresak hiltzen ez direnez), egile eskubideen babesa, lana lehen aldiz argitaratu eta 95 urtera luzatzen da edo lana sortu eta 120 urtera (lehenago gertatzen dena). Euskal Herrian eskuarki, egilea hil eta 70 urte itxaron behar izaten dira lana jabetza publikora heltzeko, baina, tamalez, Espainiar estatuko legediaren eta Frantziar estatukoaren artean dauden desberdintasunek Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian desberdintasunak sortzen dituzte.

Espainiar estatuko jabetza intelektualaren legeak arautzen duenez, egilea 1987. urteko abenduaren 7a baino lehen hil bazen, egile eskubideen babesa ez da 70 urtekoa, 80 urtekoa baizik

Izan ere, Espainiar estatuko jabetza intelektualaren legeak arautzen duenez, egilea 1987. urteko abenduaren 7a baino lehen hil bazen, egile eskubideen babesa ez da 70 urtekoa, 80 urtekoa baizik. Kasu horretan, Hego Euskal Herrian lanak 10 urte beranduago heltzen dira jabetza publikora.

Aurtengo opariak

Irizpide hori da orokorrean Europan erabiltzen dena, eta xehetasun horiek guztiak alde batera utzita, begira dezagun jabetza publikoaren egunak zeintzu opari ekarri dizkigun. Hego Euskal Herrian, aurten, 1928. urtean zendu ziren egileen lanak pasatu dira jabetza publikora. Besteak beste, Thomas Hardy idazle ingelesa, Lorentz fisikari alemaniarra, Italo Svevo idazle italiarra, Richard Felton Outcault komikigilea eta Blasco Ibañez idazle, koreografo eta antzerki zuzendaria. Datorren urtera arte itxaron beharko dugu Harry Crosby poeta surrealistaren, Mary MacLane idazle feministaren eta Sekundino Esnaola musikari gipuzkoarraren lanak jabetza publikora heldu arte. Sekundino Esnaola zumarragarra zen, eta 25 urtez Donostiako Orfeoiko zuzendari izan zen. Sari ugari eman zizkioten, eta orain dela 70 urte pasatxo haren hileta ospatu zenean, Euskal Herriko txoko askotan berarekiko dolua eta onespena zabaldu zen. Datorren urtean, Kirikiño idazle bizkaitarrak sortutako artikulu eta idazlan guztiak ere jabetza publikoaren esku geratuko dira, kontakizun laburrez eta ipuin umoretsuz osatu zuen “Abarrak” liburua barne.

Ipar Euskal Herrian, aipatutako egileek sortutako lan guztiak jabetza publikoan daude jada, eta baita Hegoaldean oraindik babestuta jarraitzen duten beste lan asko ere. Iaz, Ipar Euskal Herrian, Lauaxeta euskal idazlearen lanak, Arturo Campion euskal idazle eta historialariaren lanak eta Maurice Ravel ziburutar musika konpositore ezagunaren lanak jabetza publikora heldu ziren. Eta aurten, Thomas Wolfe idazlearen, Elzie Segar komikigilearen eta Papa Charlie Jackson blus musikariaren lanak ere aske geratu dira. Elzie Segarrek, Popeye marinela sortu zuen, gero komikietan baino, marrazki bizidunetan hain ezagun egin zen pertsonaia.

mundua
Irudi originala

Espainiar estatuko bi egunkarik eta telebista batek gutxienez, Popeyeren inguruko albistea txarto eman dute

Beraz, Popeye ere, Ipar Euskal Herrian eta baita Europa gehienean ere, jabetza publikora heldu da. Horregatik, orain, inolako oztoporik gabe, pertsonaia honekin elastikoak sortu ditzakegu, marrazki bizidun berriak egin, eta nahi dugun guztia. Hego Euskal Herrian tamalez, beste hamar urte itxaron beharko dugu, 2019rarte hain zuzen. Deigarria da, Espainiar estatuko bi egunkarik (ABC eta Público) eta telebista batek (TVE-1) gutxienez, Popeyeren inguruko albistea txarto eman dutela. Hedabideotan, inolako egiaztapenik egin gabe eta Interneteko hainbat lekutan eman diren azalpenei jaramonik egin gabe, Espainiar estatuan Popeye jabetza publikoan dagoela esan dute. Eta hori, GARAko irakurleok dakizuenez, ez da egia, hamar urte falta baitira oraindik.

Arrazoi bategatik ala besteagatik, argi geratu da jabetza publikoaren inguruko legedia apetatsua dela oso. Baina, hala ere, leku guztietan aldi berean ez bada ere, lanak etengabe aske geratzen dira. Beraz, gora Jabetza Publikoaren Eguna!

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko urtarrilaren 10ean argitaratu da.

Zuzenketa: Hego Euskal Herrian, Espainiar estatuko Jabetza Intelektualaren Legeak ezartzen duen bezala, urtarrilaren 1ean iraungitzen dira egile eskubideak (“70 urte beranduago” esaten duelako), baina egilea 1987. urteko abenduaren 7a baino lehen hil bada, 1879. urteko legea erabili behar da eta honek ez du epea urteka egiten (“80 urte igarotakoan” esaten du). Beraz, teknisizmo hau dela eta, Popeyeren kasuan eta antzeko kasuetan, urteko lehen eguneko arauak ez du balio Hego Euskal Herrirako eta egilea hil ondorengo egunerarte itxaron beharra dago. Hau da, Popeyeren egilea 1938. urteko urriaren 13an zendu zenez, Hego Euskal Herrian, Popeye 2009. urteko urriaren 14an helduko da jabetza publikora. Nahaste-borraste hau ikusita, Espainiar estatuko legeek premiazko aldaketa bat behar dutela deritzot, europar mailako 2001/29/EC direktibarekin harmonizazio bat lortzeko bada ere. Bestela, inork ez du argi legeek zer arraio dioten…

Informazio gehiago:

Erlaziodun artikuluak:

Beste hizkuntzak: castellano

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/jabetza-publikoaren-eguna-2009/feed/ 0