Ikusi makusi » psn http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Politika 2.0 http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/politika-20/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/politika-20/#comments Sat, 11 Apr 2009 16:17:57 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/politika-20/ Irakurri gehiago →]]> demokrazia digitala
Irudi originala

Testu hau argitaratzen den egunean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan burututako hauteskundeak igarota egongo dira. Hauteskundeei buruzko datuak eta analisiek, hala ere, jarraituko dute eta aurkeztu ahal izan diren alderdi politikoak Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuko eserlekuak beraien artean banatzen ibiliko dira. Baina hori guztia etorkizuna da niretzat, gaur, testu hau idazten dudan egun hau, hauteskundeen bezperako eguna baita.

Gaur, alderdien kanpainak eten egin dira eta ohi bezala Euskal Herriko zatitxo honetan bizi garen herritarroi hausnarketarako gonbitea luzatu digute. Eta horretan ari naiz. Baina behin pentsatzen hasita, alderdien aukeretatik haratago joan naiz. Alderdien sistema berari buruz hasi naiz hausnartzen.

Alderdien akatsak

Izan ere, gurea ordezkaritzan oinarritutako demokrazia da. Hori, noski, enpresek eta presio lobbyek boterean dauden alderdi politikoengan duten eragina alboratzen badugu da egia (bistan da hierarkiako tontorrean ibilitako politikariak banku eta antzeko enpresa boteretsuetan nola bukatzen duten). Kontua da, ordezkaritza-demokrazia honetan, herritarren ikuspegi, arrazoi eta argumentu zenbatezinak alderdi politiko gutxi batzutan multzokatzen direla, eta hauek, botere osoa dute lau urte luzetan zehar herritar guztien baliabideak kudeatzeko (legedia, garraio eredua, hezkuntza sistema, eta abar), lurralde osoa beraiek egokia ikusten duten bezala zuzenduz. Guk, bitartean, ezer gutxi egin dezakegu. Funtsean, beste lau urte itxaron eta berriz ere aukeren arteko bat hautatu. Argi dago gurea oso sistema mugatua dela; gainera, nire ustez, asko hobe daiteke.

Egungo sistema egokia iruditzen al zaizue? Azaldu dudan bezala, niri ez zait batere egokia iruditzen. Eta ziur nago irakurle asko nirekin ados egongo dela, egungo sistemak akats mordoa dituela ondo baino hobeto erakutsi baitu: politikariek boterea metatzen dute eta horrek ustelkeria sorrarazten du (Irungo Ogasuna); alderdi politikoak beraien artean etengabeko lehian daude eta arazo/erronka garrantzitsu askoren aurrean, adostasuna bilatu beharrean kontrakoa egiten dute, gaiak arerioa erasotzeko erabiliz (Gernikako Estatutua ez betetzea); alderdi bakoitzak hainbat eta hainbat herritar ordezkatzen ditu eta gai zehatz askoren aurrean, bozkatzaileek gai horri buruz benetan zein iritzi duten zehazki ez dakite (Irakeko gerra, AHTren eraikuntza, Abortuaren Legea); batzutan, aipatutako borroka horien ondorioz, eta arrazoi taktikoak argudiatuz, alderdiek hauteskunde kanpainan esandakoaren kontrakoa egiten dute, bozkatu dieten herritarren nahiak salduz (Nafarroako hauteskundeen ondoren PSNk UPNrekin tratua egitea). Luze jarrai genezake ordezkaritza-demokraziak berezkoak dituen hainbat arazo zenbatzen.

Teknologia berriek ematen dituzten aukerak ikusita, gizarte antolaketa eta koordinaketa sistema egokiagoak bilatzeko gero eta aitzakia gutxiago dago

Egungo sistema egokiena iruditzen al zaizue? Niri ez, inola ere ez. Nire ustez, teknologia berriek ematen dituzten aukerak ikusita, gizarte antolaketa eta koordinaketa sistema egokiagoak bilatzeko gero eta aitzakia gutxiago dago.

Gaur egun, herritar gero eta gehiagok telefono mugikorrak erabiltzen dituzte, Interneten nabigatzen dute, foroetan informazioa bilatzen dute eta, noiz edo noiz, parte hartzera ere iristen dira. Eta datozen urteetan joera honek jarraitu egingo du, zalantzarik gabe. Beraz, tresna hauek demokrazia zuzenagoa eraikitzeko egokiak izan daitezke, egungo sistemak eskaintzen ez dituen ezaugarriak baitituzte: bat-batekotasuna, nahi beste bozketa era erosoan egiteko aukera, iritziak emateko eta partekatzeko aukera, adostasuna bilatzeko tresnak, gauden lekutik mugitu gabe parte hartzeko aukera, eta abar. Baina nola uztartu ezaugarri berritzaile horiek politika egiteko era berri batekin?

Hiru adibide berritzaile

Aldaketa hau egitea zaila dela pentsa daiteke, utopia hutsa ere izan daiteke askorentzat. Baina historiak erakusten duen bezala, aldaketa gehienak urrats txikien bitartez gauzatzen dira. Teknologia berriak, Internet sozialarekin eta sare sozialekin lotuta dagoen Web 2.0 delakoaren laguntzaz, gure artean erlazionatzeko era aldatzen hasi dira jada. Gutxi-gutxika lanpostu asko eraldatzen doaz, baita hedabideak, ikasteko erak, aisia eta noski, politika egiteko era ere.

Adibide bezala, urte honetako urtarrilean Ezker Batua-Berdeak koalizioak bere hauteskunde programa osatzeko erabili duen bide berritzailea aipa daiteke. Euskal alderdi politiko honek, Zabaldu.com webguneak albisteak elkarbanatzeko erabiltzen duen tresna berdina erabili zuen alderdiarentzako garrantzitsuenak izan zitezkeen arazoak/erronkak aukeratzeko. Beraz, edonork zuen aukera proposatutako gai bati buruz bere iritzia emateko, bozkatzeko eta baita norbere gaiak proposatzeko ere. Ekimen hau oso interesgarria iruditzen zait, sakondu beharrekoa, alderdiko bozkatzaileei betiko bozka mutua emateaz gain, edukiak zehazten laguntzeko aukera ematen baitie.

Partido de Internet alderdia ere aipatzeko modukoa da; izan ere, bere helburua Estatu espainoleko Legebiltzarrean alderdiak hartuko dituen erabaki guztiak bozkatzaileen iritzien arabera automatikoki kalkulatzea da. Horretarako, bozkatzaileek beraien arteko sareak sor ditzakete eta gai zehatzak bozkatuko dituzten ordezkariak ere ezar ditzakete. Beraz, teknologia berrien bitartez, alderdi politiko honek guk nahi dugun ordezkaritza maila eskainiko digu; hala, bozketa guztietan parte hartzen badugu, demokraziarik zuzenenera helduko gara.

2005hiritarrok.net webgunean adibidez, ondoko herriek hartu dute parte: Basauri, Hernani, Laudio, Sopela, Sestao, Oiartzun, Bakio, Bermeo eta Ermua

Udal mailan ere ari dira egiten era honetako saiakerak. 2005hiritarrok.net ciudadanos2010.net webgunean adibidez, ondoko herriek hartu dute parte: Basauri, Hernani, Laudio, Sopela, Sestao, Oiartzun, Bakio, Bermeo eta Ermua. Laster Agurain ere batuko da. Bertan, herri bakoitzeko herritarrek Udalari proposamenak egiteko aukera dute eta besteek iruzkinak egin eta proposamenak bozkatzen dituzte, denen artean atxikimendu gehien dituzten proposamenak hautatuz. Herritarrak arduratzen dituzten gaiak nolabait ezagunak egiten zaizkigu: Sopelan autoentzako TAOri buruzko kexak, Basaurin euskara planari buruzko eskaerak, Laudion kiroldegiaren erabilerari buruzko galderak, eta abar. Noski, Udalak gero arazo eta erronka horiei bidea eman behar die, herritarrek bide tradizionalak erabili balituzte bezala.

Politikaren eraldaketa

Hiru ekimen hauek baliagarriak badira ere, hasiera besterik ez dira. Wikipediak edukiak adosteko duen sistema, Zabalduk albiste interesgarrienak aukeratzeko duen sistema (karma deitzen den adierazle bat erabiltzen duena), eta beste webgune batzuk beraien esparruan demokrazia zuzenagoak gauzatzeko erabiltzen dituzten sistemak errealitate bat dira dagoeneko, ondo dabiltzala frogatu dute eta denbora kontua izan beharko luke sistema hauen abantailak ere politika arruntera heltzea.

Herritar guztien eskubideak kontutan dituen gizarte batek beti mantendu behar du gutxieneko ordezkaritza maila egoki bat

Horretarako, teknologia berrien inguruko heziketa indartzea, herrietan doako wifi konexioak eskaintzea eta antzeko ekimenak aurrera ateratzea dira e-demokrazia sustatzeko era egokiak. Baina kontuz, ez gaitzala berritasunak itsutu. Tresna hauen guztien erabilera areagotzeak fruitu bikainak eman ditzake, baina demokrazia zuzena utopia bat dela ez dugu ahaztu behar. Herritar guztien eskubideak kontutan dituen gizarte batek beti mantendu behar du gutxieneko ordezkaritza maila egoki bat: haurrentzako, zaharrentzako, gaixoentzako, elbarrientzako eta abar.

Aukera dugu boterea, hein handi batean behintzat, herritarrengana itzul dadin, bakoitzak nahi duen parte hartze maila eskuratuz

Politika 2.0 delakoak alderdi politikoen sistema alde batera uzten lagun gaitzake, horrekin batera sistema honek berezkoak dituen arazo asko ekidinez (botere metaketa, herritarren parte hartze oso murriztua, gizartearen arazo/erronka desberdinak trukeko txanpon soilak bihurtzea, etab.). Aukera dugu boterea, hein handi batean behintzat, herritarrengana itzul dadin, bakoitzak nahi duen parte hartze maila eskuratuz. Horrela, politikaren protagonismoa alderdietatik eta politikari profesionaletatik kendu eta herritarroi eta benetan arduratzen gaituzten arazo eta erronkei emango diogu. Helburu paregabeak dira horiek, baina bidea asko landu beharra dago oraindik.

Zailtasun berriak aurkituko ditugu eta orain dauzkagun akatsak sistema berrian errepika ez daitezen adi ibili beharko dugu. Arazoak begien bistan daude: teknologia berrien erabilera herritar askorentzat oraindik oztopo bat izatea, gizakiak aldaketarako duen berezko erresistentzia, politikari profesionalen ordez elite intelektual batek eragin handiegia izatea, enpresek eta presio lobbyek egungo sistema kontrolatzen duten bezala sistema berri hori ere kontrolatzeko era aurkitzen saiatzea. Baina gizarteko beste atal askotan egiten ari garen bezala, politikagintzan ere teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukera paregabeetatik onurak nola aurkitu zehazten saiatu behar dugu. Demokrazia maila hobeagoa lortzeko aukera dugu eta, ezbairik gabe, merezi du lan horretan aritzeak.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko martxoaren 7an argitaratu da.

Aldaketa (2010/06/15 ): 2005hiritarrok.net domeinua desagertu dela dirudi eta bere ordez ciudadanos2010.net webgunera jarri dut esteka.

Erlaziodun artikuluak:

Beste hizkuntzak: castellano

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/politika-20/feed/ 0