Orain dela aste batzuk, EiTBko Sautrela saioan lan egiten duen Eider Rodriguez idazlea nirekin kontaktuan jarri zen, Sautrelan liburu elektronikoei buruzko erreportai bat prestatu behar zutela eta. Antza denez, gai honen inguruan hiru ikuspuntu desberdin eman zitzaketen hiru pertsona grabatu nahi zituzten: liburugintzan ari den batena, liburu elektronikoen erabiltzaie batena, eta informatikari batena. Azken profil hau betetzea zen nire egitekoa eta horrela egin nuen. Sentitzen dut baina beste bi elkarrizketatuak ez dakit nortzuk izan ziren.
Baina laster jakingo dut nor gehiagoren iritziak jaso zituzten Sautrelakoek, bihar bertan, ETB3 telebista katean, arratsaldeko bederatzi eta erdietan, erreportaia emitituko bait da. Eta nik bezala, oraindik etxean ETB3 ikusterik ez duzuenok, bigarren aukera bat izango dugu ETB1en datorren larunbatean, urtarrilak 17, ohi bezala, eguerdiko Teleberria bukatu eta batera Sautrela berriz emititzen denean.
Orain, niretzat prestatu zituzten galderak zerrendatuko ditut, denak erantzuteko denborarik ez banuen ere:
- Zer da liburu elektronikoa? (gailua edo liburu elektronikoa alde batetik eta irakurgaia edo liburu digitala bestetik) Deskribapen zehatza egingo al zeniguke? (paper digitala, tinta…)
- Zein garapen izan du? Zein garapen aurreikusten zaio?
- Merkeagoa, ekologikoagoa, askeagoa al da benetan?
- Zein eragin izan dezake literaturan bertan?
- Egile eskubideetan eta copyrightean zein eragin izango du liburu elektronikoaren zabalkundeak? (gizon-emakumeen esklabutza abolitu gabe zegoenean sortu omen zen jabetza intelektualaren eskubidea, eta oraindik ere, existitu egiten da, epea geroz eta malguago izanda, gainera)
- Eta sormenean? Idazlearengan?
- Egizu iragarle lana: nola irakurriko dugu hemendik hamar urtera?
Horrela, interesa duenak, zeintzuk gai jorratuko diren aurretiaz jakin dezake.
Bukatzeko, Joxean Agirre idazleak idatzi berri duen artikulua aipatu nahi dut. Bertan, Elkar liburu-denda sareak e-book mota bi salgai jarri dituela azaltzen du. Antza denez, 2009. urte honetan zehar, nafarroako leer-e enpresaren e-book gailuak saldu nahi dituzte Espainiar estatuan lan egiten duten argitaletxeek.
Informazio gehiago:
Azken iruzkinak