Ikusi makusi » kerobia http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Creative Commons: sortzaile ororentzako tresna egokia http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/creative-commons/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/creative-commons/#comments Thu, 29 Apr 2010 15:34:21 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/creative-commons/ Irakurri gehiago →]]> Internet gero eta hedatua dagoen garai honetan, askok Creative Commons hitza entzunda izango dute, hainbat hitz berrirekin batera. Baina gutxiago izango dira Creative Commons delakoa zehatz-mehatz zer den dakitenak. Jarraian, lizentzia sorta hauek zer diren era praktikoan azaltzen saiatuko gara.

creative commons
Tyler Stefanich (CC BY 2.0)

Orain dela hamar bat urte, teknologia berriak erabiltzen zituzten gero eta sortzaile gehiagorentzat ohiko copyright lizentzia murriztaileek sormena mugatu eta eragozten zutela konturatu zen Lawrence Lessig izeneko abokatu estatubatuarra. Izan ere, gero eta musikari, marrazkilari, idazle eta sortzaile gehiagok ordenagailuak erabiltzen zituzten beren lanak sortzeko eta Interneti esker lan horiek inoiz ez bezala zabaldu, trukatu eta konbinatzen zituzten. Ohiko copyright lizentzia murriztaileak lan bakoitzaren egilea kontaktatu eta aurretiaz baimena lortzera behartzen du, baina praktikan gero eta sortzaile gehiago erabilera batzuk (edo guztiak) baimentzeko prest zeuden.

Hori dela eta, software librearen garatzaileek egiten zuten bezala, kultura alorreko gero eta sortzaile gehiago beraien lanei ohar desberdinak eransten hasi ziren: “Abesti honen egileak nahi duen orori bertsioak eta nahasketak egiteko baimena ematen dio”, “Argazki hau kopiatzeko baimena daukazu, erabilera komertzialerako ez den bitartean”, “Liburu honen itzulpenak egiteko baimena aurretiaz ematen da, jatorrizko egilea aipatzen den bitartean”, eta abar.

Software librearen alorrean ondo pentsatutako lizentzia batzuk zeuden (GPL, LGPL eta FDL, besteren artean) eta programatzaileen beharrak era egokian asetzen ziren. Kultura alorreko lanetan, berriz, ez zegoen irizpide komunik eta musikari, argazkilari, idazle eta marrazkilari bakoitzak bere lizentzia propioa asmatzen zuen. Zuzenbideko testuetan askotan gertatzen den bezala, batzuetan arazoak sortzen ziren, egileak esan nahi zuena eta hirugarren batek lana erabiltzerakoan ulertu zuena berdina ez zelako, lizentzia oharretan hutsuneak egoten zirelako eta abar.

Lawence Lessig abokatua

2001. urtean, Lawrence Lessig izeneko abokatu estatubatuar batek, gorde eta baimendu daitezkeen eskubideak era errazean eta argian gorde eta baimentzeko copyright lizentzia sorta bat idatzi zuen eta Internet bidez Ameriketako Estatu Batuetako ahalik eta sortzaile gehienei lizentzia hauek erabilgarri zeudela jakinarazteari ekin zion. Lizentziak abokatu batek idatziak izanik, sortzaileek gogokoago zuten lizentzia aukera zezaketen, etorkizunean arazo legalak izateko aukerak oso txikiak zirela jakinik.

Arrakasta bat-batekoa izan zen eta Creative Commons lizentziez gain, irabazi asmorik gabeko Creative Commons erakundea ere sortu zen, lizentziak munduko txoko guztietara moldatu eta zabaltzeko talde gero eta handiagoarekin. Gaur egun, Creative Commons lizentziak munduko hainbat legeriara eta hizkuntzara moldatu dira, baita Frantziar zein Espainiar estatuetako legedietara eta baita Aitorren hizkuntz zaharrera ere. Creative Commons lizentziak Gipuzkoako Foru Aldundiari esker euskaratu ziren orain dela urte batzuk.

Onarpena Euskal Herrian

Lizentziak euskaratu aurretik eta ondoren, zenbatezinak dira zorionez copyright murriztailea albo batera utzi eta oraingo garaiak eskatzen duen malgutasuna aprobetxatzen duten Euskal Herrian sortutako lanak. Wikipedia euskaraz webguneko testuak eta irudiak (BY-SA), MusikHerria diskoetxeko diskoak (BY-NC-SA), argazkiak.org webguneko argazkiak, Joakin Balentziaren azken liburua (BY-SA), Kerobia taldearen azken diskoa (BY-NC-SA) eta beste hainbat eta hainbat bideo, film labur, ipuin, artikulu, liburu, bertso, argazki, irudi, soinu, marrazki eta abarrek Creative Commons lizentzia bat dute.

Gero eta instituzio publiko, enpresa eta norbanako gehiagok, beraien lanetarako Creative Commons lizentzia desberdinak aukeratzen dituzte, komunitateari on eginez beren buruari ere mesede egiten diotela ulertu baitute. Oraindik askok kontrakoa pentsatu arren, software libreko euskal enpresek erakutsi duten bezala, sortutako kantu, liburu eta abarren kopiak egitea baimenduz etekin ekonomiko berdinak lortzen dira. Eta kasu batzutan mozkin handiagoak, norbere lana erakutsiz eta zabalduz beste batzuk baino arreta eta onarpen handiagoa lortzen baita hedabideetan eta sarean, eta horrek salmenta gehiago dakartza.

Aukera desberdinak

Esan bezala, Creative Commons ez da lizentzia bat, lizentzia sorta bat baizik eta Lessigi bururatu zitzaion modulu sistemari esker, edonorentzat erraza da gogokoen duen Creative Commons lizentzia aukeratzea. Lizentzia bakoitzak bi bertsio ditu: abokatuei zuzendutako testu legal eta aspergarri bat, eta edonork ulertzeko moduko testu labur-labur eta argi bat.

Lizentzia guztiek badute ezinbesteko baimen bat, lana kopiatzeko baimena alegia. Eta gero badira hauta daitezkeen lau baldintza edo betebehar. Lehen baldintza lanaren egiletza aitortu behar izatea da (BY laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, lana kopiatu edo lan eratorri bat egiten duenak, ezinbestez, egilea nor den aipatu behar du. Lana PDF formatuan dagoen liburu bat bada, segur aski baldintza hau betetzea oso erraza izango da, egilearen izena fitxategi barruan egongo baita. Baina lana argazki edo irudi bat bada eta egileak bere izena argazkian txertatu ez badu irudia ez zikintzeko, irudi horren kopia nonbaiten argitaratzen dugunean, jatorrizko egilearen izena aipatu beharko dugu irudiaren aldamenean edo beste era argi batean.

Jatorrizko lanaren lan eratorri bat egiten duena, lan berri horren egilea izango da, baina oinarri hartu duen lanaren egilea nor den aipatu beharko du falta gabe, bestela ez baititu egilearen eskubideak beteko eta, beraz, jabetza intelektualaren legedia hautsiko du, copyright arruntarekin gertatzen den bezala.

Bigarren baldintza lanaren erabilera komertziala egiteko debekua da (NC laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, lana kopiatu daiteke eta lan eratorriak egin daitezke, baina betiere, helburu komertzialekin ez bada. Erabilera komertziala dagoen ala ez erabakitzeko nolabaiteko diru trukerik dagoen ala ez begiratzen da, eta beraz, kopiak ezin saltzeaz gain, beste erabilera asko ere debekatzen ditu baldintza horrek: adibidez, publizitate bannerren bitartez lau ogerleko jasotzen dituen webgune batetan NC baldintza duten Creative Commons lizentziadun lanak ezin dira zabaldu.

Hirugarren baldintza lan eratorririk ez baimentzea da (ND laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, zuk argitaratutako lanaren bertsiorik, itzulpenik edo nahasketarik ezin da egin, zuk espresuki baimena eman ezean.

Eta laugarren baldintza, lana baimen berarekin partekatu beharra da (SA laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, lana kopiatuz gero edo lan eratorriren bat eginez gero, lan horrek ere zuk aukeratutako lizentzia berdina izan behar du. Baldintza hau birikoa dela esaten da, jartzen duen mugak, lan horretatik sortutako emaitzek ere Creative Commons lizentzia izango dutela ziurtatzen baitute. Baldintza hau erabili ezean, zure lana kopiatzen duen batek copyright murriztailearekin edo beste edozein lizentziarekin argitara dezake, betiere zure egiletza errespetatuz, baina zuk jatorrian emandako askatasunak kenduz. Baldintza horien konbinaketak eginez, hauek dira Creative Commons lizentziarik garrantzitsuenak: Aitortu (BY), Aitortu-Partekatu baimen beraren arabera (BY-SA), Aitortu-Lan eratorritik gabe (BY-ND), Aitortu-Ez merkataritzarako (BY-NC), Aitortu-Ez merkataritzarako-Partekatu baimen beraren arabera (BY-NC-SA) eta Aitortu-Ez merkataritzarako-Lan eratorritik gabe (BY-NC-ND).

Udako opor hauetan gustuko duzun argazkiren bat edo beste ateratzen baduzu eta nonbaiten argitaratuko badituzu, zergatik ez diezu Creative Commons lizentzia bat jartzen? Agian norbaitek bere blogean edo Wikipedian sartuko du… NC baldintza aukeratzen ez baduzu, zure argazkia GAUR8ko hurrengo zenbakian ager daiteke… Eta bertso bat idazten baduzu, zergatik ez Creative Commons lizentzia bat aukeratu betiko copyright murriztailearen ordez? Agian norbaitek zure bertsoa berea egin eta norbaitek argitaratuko du zure izena aipatuz… Edo musikari batek zure bertsoa abes dezake…

Blog bat ez duzu izango, ezta? Badakizu ezer jarri ezean zure blogean idazten duzun guztiak copyright murriztailea duela eta zurekin harremanetan jarri ondoren zure baimena jaso ezean zuk esandakoak ezin direla berrerabili? Anima zaitez zu ere euskal herritar gero eta gehiagok egiten duten bezala, eta ekiozu informazioaren gizartea eraikitzeari. Internet bitartez jasotzen dituzun eduki guztiekin, ekarpen batzuk egin baditzakezu, txikiak badira ere, zergatik ez egin? Aurrera eta erabili Creative Commons lizentziak!

Lan honen lizentzia: Creative Commons Aitortu-Partekatubaimen beraren arabera 3.0

Informazio gehiago:

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko abuztuaren 21ean argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/creative-commons/feed/ 0