Facebook, Twitter, Youtube eta abarren amarruak.
Interneten ibiltzen bazara, dagoeneko entzunda izango duzu sare sozial digital bat baino gehiagoren izena: Hotmail eta Terra web bitartez e-posta mezuak kudeatzeko, Microsoft Messenger eta Yahoo Messenger txateatzeko, Youtube eta Vimeo bideoak partekatzeko, Flikr eta deviantART argazkiak eta irudiak partekatzeko, Last.fm musika elkar gomendatzeko, Slideshare aurkezpenak partekatzeko, Blogspot eta Blogger blogak sortzeko, Wikispaces wikiak sortzeko, del.ici.us estekak partekatzeko, Digg eta Meneame albisteak partekatzeko, Twitter mikroblogak sortzeko, Facebook eta MySpace lagunekin harremanak mantentzeko… Zerrenda amaigabea da. Google enpresa boteretsuak dituen zerbitzu edo aplikazioetako askok ere, erabiltzaileen artean sare sozialak sortzen dituzte: Google Docs, Google Groups, Gmail, Google Talk, Google Calendar eta beste batzuk.
Euskaraz hitz egiten duten sare sozial digitalak ere badira: Euskalerria, EuskalTube, Argazkiak, Blogari, Mundua, Goiena, Bildu, Zabaldu, Txioka, Nirebloga, Nirudia, Nirewiki, NireTV…
Salbuespen txikiren batzuk badira ere, erabiltzaileak beraien artean sareak eraikitzera bultzatzen dituzten webgune handi guztien atzean, gaur egun, enpresak daude, eta hori da arazo nagusien jatorria. Enpresa hauek, beraien baliabideak (ordenagailuak, disko gogorrak, teknikariak, Interneteko konexioa eta abar) ezeren truke jartzen dituzte ustez. Baina benetan al da ezeren truke? Noski ezetz. Hala ere, sare sozialen arduradunak diren enpresek gugandik etekinak nondik ateratzen dituzten edo aterako dituzten azaltzen ez dutenez, zaila da egiten ari diren amarrua antzematea.
Publizitatea
Enpresak, azken finean, enpresak dira eta beraien helburu nagusia (bakarra esango nuke), etekin ekonomikoak ateratzea da. Kitto. Horretan denok ados egongo garelakoan nago. Baina nola lortzen dituzte etekinak, guri hainbat eta hainbat zerbitzu doan emanez? Ba batez ere publizitatearen bitartez. Aipatutako webgune gehienek (guztiek ez bada), iragarkiak dituzte. Erabiltzaileen ehuneko oso txiki batek klikatzen ditu iragarkiak, baina honelako webguneek erabiltzaileak metatzeko duten joerari esker, ehuneko txiki horrekin ere diru dezente mugitzea lortzen dute. Sare sozial batzuek lortu dituzten erabiltzaile kopuruak benetan ikusgarriak dira: Twitter sareak 100 milioi, Hotmailek 100 milioi, Youtubek Ameriketako Estatu Batuetan bakarrik 120 milioi, Microsoft Messengerrek 330 milioi, Yahoo Mesengerrek Japonian bakarrik 100 milio, Facebook-ek 300 milioi egin berri ditu. Iragarkiz josita dauden produktu eta web orrialde horietan dabilen hainbeste jende izanik, marketin kanpainak egiten dituzten enpresek dirutzak ordaintzen dituzte leku horietan iragarkiak jartzeagatik.
Twitter eta Facebook sare sozialek jakitera eman berri dutenez, iragarki komertzialak nonahi ager daitezke, baita gure edukien barruan ere. Youtubeko bideoek adibidez aspalditik dute publizitatea. Eta konturatu beharra dugu webgune moderno hauen publizitatea beste mota batekoa dela, egunkarien eta abarren webgunetan ere iragarkiak izan arren, leku horietan edukiak lantzen baitituzte. Sare sozialetan, aldiz, guk geuk sortzen ditugu edukiak, eta atzean dauden enpresek zerbitzari batzuk eta teknikari batzuk besterik ez dituzte jarri behar.
Pribatutasuna
“Eta zer? Zein da arazoa?”, galdetuko du batek baino gehiagok. “Iragarkiren bat edo beste ikustearen truke zerbitzu horiek izatea tratu egokia iruditzen zait”, gaineratuko du. Arazoa erabiltzaileok galtzen dugun bakarra hori dela uste dugun bitartean, enpresa hauek askoz harago joaten direla da. Adibidez, marketin munduan hainbeste eskertzen diren jende profilak sor ditzakete. Erabiltzaileek webgunearen bidez kudeatzen dituzten datu guztiak eskura dituztenez, profilen arabera sailka ditzakete erabiltzaileak enpresa mota jakin batzuen iragarkiak ikus ditzaten. Nire lagun bat surf zalea da eta bere Gmaileko kontu pertsonalean surf hitza aipatzen duten mezu dezente jaso eta idazten ditu. Hori dela eta, Gmailen surf produktuei buruzko iragarki mordoa ikusten ditu. Googlek berak jaso eta bidaltzen dituen mezu guztiak dauzka eta bere pribatutasuna urratu arren, datu horiekin etekin ekonomikoak jasotzeko beharrezko deritzona egiten du.
Datuen eskubideak
“Eta zer? Zein da arazoa? Pertsonalizatutako iragarkiak ikustea ez da hain txarra”, gaineratuko du berriz ere batek baino gehiagok. Kontua honakoa da: enpresak enpresak dira eta publizitatea bidaltzetik askoz haratago ere joaten dira. Askok ez badakite ere, hain modan dauden sare sozial askotan, sartzen ditugun argazki, bideo, testu eta abarrak, pertsonalak izan ala ez, atzean dauden enpresa horiek etorkizunean erabili ahal izateko gordetzen dituzte. Twitter, Facebook eta Youtube-k adibidez, hori egiten dute. Egiten dituzun eta bidaltzen dituzun argazki eta bideoen jabea zu zeu zara, baina enpresari informazio hori nahi duen bezala erabiltzeko baimena ematen diozu: publikoki argitaratzeko, saltzeko, aldatzeko, eta abar. Hori egokia iruditzen zaio inori?
Zerbitzuen baldintzak
Aipatutako gehiegikeriak, zerbitzu hauek doan eskaintzen direlako onartzen ditugu eta enpresek hori badakite. Baina, zoritxarrez, sare sozial gehienen atzean dauden enpresak oraindik haratago joaten dira. Erabiltzaileak webgunean izena ematen duenean, zerbitzuaren baldintzak onartu behar ditu, hau da, End User License Agreement (EULA) eta Terms of Service (ToS) delakoak. Baldintza horiekin ados ez egotekotan ezin duzu sare sozial hori erabili eta kitto. Erabiltzaileen gehiengoak testu legal eta aspergarri hauek irakurri ere ez ditu egiten; horrenbestez, zein baldintzatan sartu den ulertu ere egin gabe erabiltzen du webgunea.
Twitter, Facebook, Youtube eta Flickr zerbitzuen baldintzak, adibidez, gauza askotan berdintsuak dira: zure datu batzuk edo guztiak edozein momentutan ezaba ditzaketela diote. Baita zure kontu osoa ezabatu ere, zuri inolako azalpenik eman gabe. Zure datuen segurtasuna ziurtatzen ez dutela diote, zure datuak lapurtzen badizkizute edo inork zure pribatutasuna urratzen badu (beraiek ez direnean, ulertzen da), inolako erantzukizunik ez dutela esaten dute. Zerbitzua bera txarto badabil edo bat-batean nahi duten denboran zehar eteten badute, egin dezaketela diote, baita erabiltzailea horrekin ados dagoela ere. Flickr zerbitzuak ordainduta irudi eta argazki gehiago gordetzea ahalbidetzen du, baina aipatutako beste baldintzetan ez du inolako bermerik ematen.
Hori guztia gutxi balitz, Twitter, Facebook, Youtube eta Flickr zerbitzuek beraien baldintzetan baldintza horiek edozein momentutan alda ditzaketela diote, erabiltzaileei baimenik eskatu gabe eta aldatu ondoren inolako jakinarazpenik egin beharrik gabe. Hau da, sudur puntan jartzen zaien guztia egin dezakete eta, baten bat ados ez badago, joan dadila. Facebook eta Twitter sare sozialek hori egin dute, baina jada hainbeste lagun egin dituzten erabiltzaileei kosta egingo zaie beste nonbaitera joatea, eta atzean dauden enpresek badakite hori.
Facebook sare sozialak, nahiz eta erabiltzaileak joatea erabaki, datuak betirako gordetzeko baimena ere hartzen du zerbitzuaren baldintzetan azaldu bezala. Baldintza hauetako asko munduko hainbat lekutako legeriekin talkan daude, baina sare sozial hauek aberrien mugak ezagutzen ez dituztenez, maila internazionalean dauden hutsune legalez profitatzen dira. Facebook ezaguna, beste behin, haratago joaten da bere zerbitzu baldintzetan: erabiltzaileak inolako kexarik aurkeztu nahi izatekotan, Kalifornian egitera behartzen du, beste edonongo erakunde legal erabiltzera uko eginez.
Ikus daitekeenez, lotsagarrikeria mordoa. Azken finean, puri-purian dauden kolorez betetako webguneak ez balira, inolaz ere onartuko ez genituzkeen baldintzak dituzten zerbitzuak dira helburu komertzialdun sare sozialak. Eta sare efektua gero eta gehiago indartzen dute, ez bakarrik gizakiok sare sozialak sortzeko joera daukagulako, baizik eta joera hori dela eta sarera itsatsi egiten garelako. Bestela, zergatik erabili gero eta publizitate gehiago duen Twitter eta ez Identi.ca? Zergatik erabili iragarkiz jositako Messenger, Jabber bezalako aukera libreak badaude? Ba zerbitzu hauetan lagunen sareak sortzen ditugulako eta gero bertara lotuta geratzen garelako. Horregatik ez dago erabiltzaileak leku batetik bestera migratzeko benetako aukerarik. Horregatik ez dago zerbitzu desberdinak federatzeko aukerarik. Sare sozial komertzialek guk beraientzako edukiak sortzen eta jasan ditzakegun iragarki guztiak ikusten jarraitzea nahi dutelako.
Gomendioak
Gehiegikeria hauen guztien aurrean bi gauza egitea gomendatzen dut. Lehen gomendioa, sare sozial digital hauen ordez sare sozial libreak erabiltzea da. Sare mota hauek nolakoak diren eta zeintzuk existitzen diren datorren artikuluan azalduko dut. Bigarren gomendioa, aditu askok ematen dutena, leku hauetan publikoa ez den informaziorik ez jartzea da. Baina bigarren gomendio hau nahiko txepela iruditzen zait, kasu askotan, denetan ez bada, zure lagun eta ezagunekin sare hauen bitartez dituzun harremanetan informazio pribatua barra-barra helarazten baita (jai bateko argazkiak, gai jakin bati buruz duzun iritzia, norekin erlazionatzen zaren eta zein erlazio mota duzun, eta abar). Zure datu pribatuak benetan pribatuak izaten jarraitzea nahi baduzu, argi dago, hobeto duzu helburu komertzialak dituzten sare sozial digital hauek guztiak ez erabiltzea, alternatiba egokiak zeintzuk diren jakin arte behintzat.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko urriaren 2an argitaratu zen.
Informazio gehiago:
Azken iruzkinak