Ikusi makusi » evidge http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Teknologia berriak eta intimitatea http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/teknologia-berriak-eta-intimitatea/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/teknologia-berriak-eta-intimitatea/#comments Wed, 10 Nov 2010 09:27:23 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/teknologia-berriak-eta-intimitatea/ Irakurri gehiago →]]> Nola babestu pribatutasuna zure datuetan eta komunikazioetan.

pasahitza

Teknologia berriek hainbat eta hainbat abantaila ekarri dizkigute gure eguneroko bizitzara, baina baita arazo berri batzuk ere. Adibidez, gure eguneroko bizitzaren jardunean pribatutasuna gordetzea gero eta zailagoa da. Euskal Herriko gero eta kale gehiagotan bideo kamerek gure gorabeherak ikusi eta grabatzen dituzte. Garraio publikoa erabiltzeak hainbat kamerek gure mugimenduak gordetzea dakar eta bidai txartelen bitartez guri buruzko hainbat informazio erregistratu eta gordetzen da. Azkenaldian hainbat denda, kafetegi eta tabernatan ere kamerak instalatzen ari dira guk egiten dugun guztia grabatuz. Kamera horietako askok, gainera, Internet bidez zuzenean emititzen dute ikusten dutena, gure pribatutasuna urratuz. Kreditu txartela eta telefono mugikorra erabiltzen baditugu, gure gaineko jarraipena biderkatu egiten da; zer, non eta noiz erosten dugun grabatuta geratzen da eta noiz, non eta norekin hitz egiten dugun ere jakin daiteke.

Azken asteotan jakin dugun bezala, espainiar Estatuko gobernuak erabiltzen duen SITEL sistemari esker, nahiz eta telefonoz inori ez deitu, aparailua piztuta izateagatik bakarrik gu guztion kokapena jarrai dezakete. Kokapena hain zehaztasun osoz eta segundoz segundo jakinik, nora goazen eta norekin gauden jakin daiteke poltsikoan dugun salatari txiki horri esker. Eta ez pentsa epaile batek baimena eman behar duenik zure intimitatea horrela urratzeko, azken asteotan jakin denez, epaileek sistema hau existitzen zenik ere ez baitzekiten. Ipar Euskal Herrian ere egoera antzekoa da, Frantziar estatuak EVIDGE legea onetsi zuenetik, hamahiru urtetik gorako edozein biztanleren datu pribatuak (izena, abizenak, argazkiak, bideoak, lagun eta sendikoen izenak eta beraiekin dugun erlazioa, sexu joera eta abar) gorde ditzakeen datu base bat sortzen ari baitira. Zertarako? Kamerak, zelatatze sistemak eta gainontzeko guztiak sortzen omen diren berdinerako: “Gure segurtasuna babesteko”.

Beraz, mundu fisikoan zelatatuak izaten ari ez garen inolako bermerik ez dugu, ezta gutxiago ere. Gure eguneroko jardunak uzten duen arrastoa norbaitek gero aztertu eta gure aurka erabiliko ez ote duen bermerik ere ez dugu. Eta zer gertatzen da mundu fisikoa bezain erreala den mundu birtualean, ordenagailuetan eta Interneten? Tamalez, gutako gero eta gehiagoren eguneroko bizitza birtual horretan ere berme gutxi ditugu. Gero eta gutxiago. Baina zorionez, badago kontrolatu dezakegun eremu bat. Nahiz eta gutxi sustatzen diren, kriptografia eta esteganografia tresna oso interesgarriak eta erabilerrazak daude. Aipatuko ditudan tresnak software librearekin egindakoak dira, hau da, kaleko jendeak berak sortutako tresnak dira eta gure datuen eta komunikazioen pribatutasuna bermatzen dute. Batzuk jada egiten badugu ere, erabil ditzagun guztiok, gure pribatutasuna defendatzeak merezi du eta.

Azalduko ditudan software, webgune eta abarrak edonoren eskura daude eta ez dira erabiltzen zailak. Enpresak askok beraien datuak eta komunikazioak behar ez den inoren eskutan ez jausteko erabiltzen dituzte. ETAk ere hauetako batzuk erabiltzen dituela jakina da (GnuPG ziur eta agian TrueCrypt ere bai). Baita munduko aktibista ugarik eta kaleko gero eta jende gehiagok ere, gure datuen eta komunikazioen pribatutasuna mantentzeak ez baitu esan nahi ezer ezkutatzen ari garenik, baizik eta gure funtsezko eskubide bat erabiltzen ari garela besterik ez. Gogoratzen dut orain dela urte batzuk nire bikotearekin mezu zifratuak elkartrukatzen nituela Internet bidez. Gure kontuetan inortxo ere ez sartzeko eskubide osoa geneukan eta teknologia berriez baliatzen ginen gure eskubideak bermatzeko. Nire lagun batek baino gehiagok bere ordenagailuko disko gogorra zifratuta dauka eta guztiok egin behar genukeela uste dut. Zergatik ez?

Tresna baliagarriak

CryptoSMS.org webgunean izen bereko programa aske bat jaits dezakegu, gure telefono mugikorrarekin oso era seguruan zifratutako SMS mezuak bidaltzeko aukera ematen diguna. Java jasaten duten telefono guztiek programa hori erabil dezakete.

Ordenagailuen bitartez bidaltzen ditugun e-posta famatuak ere kriptografia erabiliz zifra ditzakegu. Horretarako, GnuPG programa askea erabil dezakegu, munduan ehunka mila pertsonak egiten duten bezala. Aurreko programan bezala, instalatu eta programaren instrukzioak jarraituz gure gako kriptografikoak sortu behar ditugu, eta gero, munduko inortxok ere bortxatuko ez duen eran lasai-lasai bidali eta jaso ahal izango ditugu e-postak. Izan ere, e-posta arruntak bidean doazela edonork irakur ditzakeen postalak bezalakoak dira eta zifratutako e-postak, berriz, gutun-azal apurtezin bat duten gutunak dira. GnuPG programa e-posta bezero ezagunenekin erabil daiteke oso era erosoan (Thunderbird, Evolution, Outlook eta abar), baita webmail bezero batzuekin ere (Squirrelmail, GMail eta abar.).

Guk bakarrik irakurtzea nahi dugun fitxategiak kudeatzen ditugunean, Wipe programa erabiltzea ere gomendagarria da. Izan ere, fitxategi bat ezabatzen dugunean, bere edukia ez da benetan disko gogorretik ezabatzen; ezabatua bezala markatzen da, besterik ez. Horregatik, ezabatu ondoren ere fitxategi batzuk berreskuratzeko aukera izaten da horretan berezitutako programak erabiliz. Beraz, zifraketa programekin fitxategiak zifratzen ditugunean, zifratu gabeko bertsioa Wipe bezalako tresnekin ezabatzea da gomendagarriena.

Transmititzeko zifratzen ditugun fitxategien bertsio ez zifratuak era berezian ezabatzen ibili beharrik ez izateko eta aldi berean gure disko gogorrean gordetzen dugun guztia gu ez garen beste inork irakurriko eta aldatuko ez duela bermatzeko, fitxategi sistema kriptografikoak erabil ditzakegu. Enpresetan aukera profesionalak erabiltzen dituzte (SolFS, CFS, ZFS eta abar), baina nik TrueCrypt programa askea gomendatzen dut, erabiltzeko oso erraza baita eta aukera asko ematen baititu. Programa hori erabiliz, fitxategi bat, karpeta bat edo disko gogorreko partizio oso bat zifra daiteke. USB giltzak eta disko gogorrak ere zifra daitezke eta, “bidaiari modua” erabiliz gero (TCExplorer bitartez), naiz eta USB giltza TrueCrypt instalatua ez duen ordenagailu batetan sartu, gure datu pribatuak era seguruan irakurtzen jarrai dezakegu.

Hori guztia gutxi balitz, TrueCrypt programak, zifratutako bolumen normalak sortzeaz gain, esteganografia delakoa erabiliz ezkutuko bolumenak ere sortzeko aukera ematen du; hau da, babes maila bikoitza lor daiteke. Sistema horrek StegoFS fitxategi sistemak eskaintzen dituen aukera berdintsuak ematen ditu, baina edozein erabiltzailek egiteko moduan. Zifratutako bolumen baten gainean (beste pasahitz batekin) ezkutuko bolumen bat sor dezakezu eta norbaitek (epaile batek, zure amak…) sartzeko pasahitza eskatuz gero, zifratutako zatira sartzeko pasahitza bakarrik eman diezaiokezu. Zati horrez gain ezkutuko beste maila bat dagoen ala ez jakitea ezinezkoa da eta, horrenbestez, zuk bakarrik jakin dezakezu bolumen ezkuturik dagoen ala ez eta zein pasahitz duen. Zure datuak pribatutasun osoz kudeatzeko aukera bikaina beraz.

Nabigatzeko tresnak

Internetera konektatzen den ordenagailu orori IP helbide bat ematen zaio, ordenagailu hori identifikatzen duen zenbaki bat, eta nabigatzen dugunean webgune askok datu hori gorde egiten dute. Google bilatzaileak adibidez, datu hori egiten dituzun bilaketekin batera gordetzen du eta IP helbideak zure kokapen geografikoa nahiko ondo zehazten duenez, informazio hori marketin enpresei saltzen die.

Hori onargarria ez dela uste dugunok, Scroogle.org webgunea erabiltzen dugu. Web orrialde horrek, nahi dituzun bilaketak bere bitartez egiteko aukera ematen du; hala, Googlek jasotzen duen IP helbidea Scroogle webgunearena da. Gainera, Scroogle berak ez du zure IP helbidea gordetzen. Hau da, Scroogle webguneak Google bilatzailean bilaketak era anonimoan egiteko aukera ematen dizu.

scroogle

Bada zure pribatutasuna webgune guztietan batera bermatzea ahalbidetzen duen tresna bat ere. Tor programa askea da eta Interneteko paketeak bideratzeko orduan zure benetako IP helbidearen ordez beste batzuk agertzea lortzen du. Firefox nabigatzaile librean, adibidez, oso erraz instala eta erabil daiteke Tor, zuk ezer berezirik egin gabe era anonimoan Interneten nabigatzea ahalbidetuz.

Ikus daitekeenez, gure intimitatea gordetzeko era asko daude eta gehienak oso erabilerrazak dira; beraz, ez dago aitzakiarik tresna hauek ez erabiltzeko. Teknologia berriek gure pribatutasuna mugatu beharrean, egin dezagun gure pribatutasuna berma dezatela.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko azaroaren 27an argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/teknologia-berriak-eta-intimitatea/feed/ 0
Estatuen zelatatze sistemak http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/estatuen-zelatatze-sistemak/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/estatuen-zelatatze-sistemak/#comments Sun, 19 Oct 2008 18:09:57 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/estatuen-zelatatze-sistemak/ Irakurri gehiago →]]> segurtasun kamera
Irudi originala

Edonork onartuko duen bezala, pertsona ororen bizitzan intimitate esparru bat mantentzea garrantzitsua da. Lagun hurkoekin konfiantzaz eta konfidentzialtasunez hitz egin eta erlazionatzeko aukera izatea ere funtsezkoa iruditzen zaigu. Gizarte aske batean beraz, bakoitzak bere bizitzaren pribatutasuna kudeatzea ezinbestekoa dela esan dezakegu. Hau da, pribatutasuna oinarrizko eskubide bat dela. Aurrekoarekin ados bazaude, arazo bat daukazu. Izan ere, garatutako estatuak deitzen direnek (Euskal Herria hartzen duten biek barne) bere biztanleen pribatutasuna sistematikoki urratzen baitute. Beraz, edo pribatutasuna ez da eskubide bat edo ez gara gizarte aske batean bizi. Emango ditudan datuak irakurri eta zuk zeuk erabaki…

Teknologiaren aurrerapenei esker gero eta informazio digital gehiago eta ugariagoa dagoen gizarte batean bizi gara. Informazio hori era egokian erabiliz gero onurak lortuko ditugu, baina horrela ez bada, kaltetuak ere atera gaitezke. Adibidez, auto istripu bat badaukagu eta medikuak guregana heldu eta batera gure historia kliniko osoa eskura badauka, ziur poztuko garela. Baina gure datuak eman ez arren, mota guztietako saltzaileek etxera deitu eta gure galde egiten badute, ziur ez digula inolako graziarik egingo. Orain arte argi. Baina Travel Club-ek bezala doako bidaiak eta opariak ematen dituen txartel bat eskaintzen digutenean, zalantza izpirik gabe ematen ditugu gure familiari buruzko datuak (pertsona kopurua, adina…), gure aurreko erosketak azter ditzaten eta gure gaur egungo eroste jokaerak gidatzen saia daitezen. Baina utz ditzagun alde batera datu-bilketa teknika engainagarriak, informazio pribatuen ihesaldi salagarriak, legez kontrako salerosketak eta abar. Eta mintza gaitezen estatuek biztanleei buruz biltzen dituzten datu pribatuez.

Munduko estatu gehienek dituzte aberriaren segurtasuna defendatzeko ei diren datu-base sekretuak. Baina azkenaldian, antolatutako krimenaren arriskua eta terrorismo internazionalaren mamuak aitzakiatzat erabiliz, biztanleria osoaren datuak biltzea publikoki onartzea lortu dute. Eta hori oso kaltegarria izan daiteke. Ameriketako Estatu Batuetan adibidez, World Trade Centerreko triskantza gertatu ondoren, ia oztoporik gabe onartu zen USA Patriot Act delako legea, non biztanle oro terrorista susmagarria den eta bere pribatutasunak ahuntzaren gauerdiko eztula baino ez duen balio.

Munduko estatu gehienek dituzte aberriaren segurtasuna defendatzeko ei diren datu-base sekretuak

Estatu frantsesean, berriz, olatu terrorista heldu ez bada ere, jendea udako oporretan zegoela aprobetxatuz, EVIDGE izeneko datu-basea informazioz betetzen hastea erabaki dute. Beraz, bertan, 13 urtetik gorako biztanle guztien datu pribatuak gordetzen hasi dira. Besteak beste, joera sexuala, lanbidea, etxeko helbidea, telefono zenbakiak, helbide elektronikoak, bankuko kontuak, aurrekari penalak, zure gertuko senide eta pertsonen izenak, eta baita zure argazki eta bideoak ere. Hain sentiberak diren datu hauen guztien bilketak arrisku berri asko sortzen dituela esan beharrik ez dago. Estatu frantsesak bazuen aurretik helburu berdintsuak zituen Cristina izeneko beste datu-base sekretu bat, baina bertan baieztatutako terroristak eta kriminalak bakarrik zeuden eta gizartea segurtatzeko jende guztia zelatatu beharra zegoen antza.

Estatu frantsesean, EVIDGE izeneko datu-basea informazioz betetzen hastea erabaki dute

Estatu espainiarrean, publikoki behintzat, ez dago biztanleria guztia zelatatzeko erabiltzen den datu-baserik, baina badira aberriaren defentsarako erabiltzen diren beste datu-base asko. Informazio gehiena BERTA eta Ahumada Dukea izeneko ordenagailu babestu bitan dago gordeta.

SUBA izeneko sistema bateratu berri baten bitartez, Guardia Zibilak, Udaltzaingoak eta tokian tokiko poliziek (Hego Euskal Herriaren kasuan Ertzaintzak), era guztietako informazioa kudeatzen dute: NAN, pasaportea, biztanle erroldak, isunak, adimen kriminala (GATI), Schengen informazio sistema (SIS), polizia salaketa sistema (SIDENPOL), SIGO, belarri markak, oinetako markak (SICAR-5), ahots ezagutze sistema, balistika (SAIB), hatz-marka ezagutze sistema automatikoa (SAID), profil genetikoen datu-baseak, gai kriminalak (INT-ADN), auto alokairuak, BARCOS, Gibraltarreko itsas-trafikoa (ESTRECHO), PEDERASTIA eta abar.

Interneteko komunikazioei dagokionez, Ameriketako Estatu Batuetan DragonWare Suite deitzen dutena garatu dute. Hiru sistema desberdin batzen ditu (Carnivore, Packeteer eta Coolminer) baina ezagunena zalantzarik gabe Carnivore delakoa da. Interneteko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetan, komunikazio guztiak zelatatzen dituen kutxa bat instalatzen dute, eta Carnivore delakoak, zelatatu behar dituen helburuak jaso ondoren, bertatik pasatzen diren e-mail, webgune, chat elkarrizketa eta beste komunikazio mota batzuk zelatatzen ditu, FBIri interesgarriak diren datuak bidaliz. Europa eta Asiako 60 estatutan, berriz, Siemens enpresak garatutako Plataforma Adimentsua erabiltzen dute. Sistema honek ere komunikazioak zelatatzen dituen kutxa bat erabiltzen du, eta Interneteko komunikazio mota askoren artean Internet bidezko konferentziak ere zelatatzeko gai ei da.

Estatu espainiarrean, informazio gehiena BERTA eta Ahumada Dukea izeneko ordenagailu babestu bitan dago gordeta

Baina zelatatze sistemetaz ari bagara, ezin dugu munduko handiena aipatu gabe utzi. Ingelesez hitz egiten duten Australia, Kanada, Zelanda Berria, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuek, Echelon izenarekin ezagutzen den espioitza-sare bat daukate. Sistema honek guztira 120 lur estazio eta satelite izango lituzke, Internet osoko komunikazioen %90 zelatatuko luke eta mundu osoan 100.000 pertsonek egingo lukete lan Echelonentzako. Bere garaian Sobietar Batasunaren aurka egiteko sortu bazen ere, badirudi orain Echelon terroristen aurka, narkotrafikoaren kontra eta adimen politiko eta diplomatikorako tresna bezala erabiltzen dela. Kritikoek diotenaren arabera, espioitza ekonomikorako ere erabiltzen da. Dirudienez, Echelonek emandako informazioari esker, Airbus enpresa europarrak 6.000 miloiko kontratu erraldoi bat galdu zuen Boeing enpresa estatubatuarraren mesedetan. Europak erantzun du antza eta Enfopol izeneko beste sistema bat mantentzen du.

Ikus daitekeenez, gure pribatutasuna pentsatu baino askoz gehiagotan urratzen da. Ezin dugu jakin ez zein informazio biltzen den ezta zuzena den ere. Eta okerragoa dena, ezin dugu kontrolatu informazio hori zertarako erabiltzen den. Hori gutxi balitz, garatutako herriak deitzen diren estatuak izu-espiral batean sartu direla dirudi. Biztanleriaren pribatutasun eskubidea murrizten jarraituz gero, pribatutasun oro galaraztera hel gaitezke, George Orwellen “1984″ eleberrian bezala estatua dena dakien “Anaia Handia” bihurtuz. Indar osoz gaitzetsi beharra dagoen ekimen tamalgarria da Estatu frantsesak egin berri duena: biztanleriari pribatutasuna ukatu dio, terrorismo internazionalaren mamu ikusezinari eta neurtezinari aurka egiteko. Benetan merezi al du sakrifizioak? Badira hau guztia aitzakia besterik ez dela pentsatzen dutenak.

“Behin-behineko segurtasun baten truke oinarrizko askatasun bati uko egiten diotenek, ez dute ez askatasuna ez segurtasuna merezi”

Gu jabetu ere egin gabe, gizartea gero eta kontrolatuagoa eta mantsoagoa bihurtzea da honen guztiaren helburu argia. Ez dakit joera hau zerk eragindakoa den, baina badaezpada, bukatzeko, Benjamin Franklinek esandako hitz hauek ekarri nahi ditut hona: behin-behineko segurtasun baten truke oinarrizko askatasun bati uko egiten diotenek, ez dute ez askatasuna ez segurtasuna merezi.

Informazio gehiago:

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko irailaren 13an argitaratu da.

Erlaziodun artikuluak:

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/estatuen-zelatatze-sistemak/feed/ 0