Film edo kantu batek copyrighta daukala esaten digutenean, nahiko argi daukagu horrek zer esan nahi duen. Argazki edo eleberri bat jabetza publikoan dagoela esaten digutenean, berriz, ez daukagu hain argi horrek zer esan nahi duen, ezta zer suposatzen duen ere. Bati baino gehiago harrigarria irudituko bazaio ere, gizakiok gizaki garenetik, mundu zabalean zehar hainbeste urte, mende eta milurtekotan sortutako ezagutza guztia jabetza publiko deitzen den eremu horretan dago. Hau da, nahi duenak, nahi duenean erabiltzeko prest dago. Horri esker eboluzionatu du gizateriak gaur egun garenera izatera heldu arte. Hizkuntzak, nekazaritzak, sukaldaritzak, arteak, kulturak, zientziak eta abarrek aurrera egiterik izan badute, etengabeko erabilpen, berrerabilpen eta moldaketa jasan dutelako izan da. Gizakiak ezagutzaren birziklapenerako duen joera natural hori bermatzen duena, jabetza publikoa da.
Agian zuk, irakurle, ez zenuen hitz zehatzaren berri, baina ziur nago aipatutako funtsezko fenomeno hau aurretik ezagutzen zenuela. Eta ez zara bakarra. Gabriel Arestik, adibidez, hurrengoa zioen: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Isaac Newtonek, berriz, hurrengo hau esaten nuen: “Urrutiago ikusi ahal izan badut, erraldoien lepoan eserita nagoelako izan da”. Musikaren, zientziaren eta orokorrean giza ezagutzaren partekatzeaz denok ados gaudela esan dezakegu. Horren seinale da baita, gaur egun, munduko legedia gehienek jabetza publikoa aintzat hartzen dutela eta tokiko ondare kulturala babestea eta zabaldua izatea sustatzen dutela.
Horretaz gain, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) irekitako bideari jarraituz, munduko legedia askok copyright bezala ezagutzen dugun eskubidea arautu dute azken bi mendeetan zehar. Gizateriak bere sorreratik izandako garapen luzearekin konparatuz gero, Bernako hitzarmena zinatu zenetik ona pasatu diren 127 urteak ahuntzaren gauerdiko eztula baino ez dira, baina gu orainaldian bizi garenez, gaur egungo legediak guregan du eragina eta, etorkizunari begira, oso kontutan izan behar dugu.
Copyright deitzen dugunak, berez, bi eskubide mota biltzen ditu. Alde batetik, egileak bere lanekiko dituen eskubide moralak (egile eskubideak), eta, bestetik, egileak bere lan intelektualak kopiatzea eta zabaltzea baimentzeko duen eskubide esklusiboa (copyrighta). AEBetan copyrighta legeztatu zenean, esklabutza -hau da, pertsonen jabetza-, existitu egiten zen oraindik ere. Gaur egun, esklabutza itsusia baino itsusiagoa iruditzen bazaigu ere, copyrighta -hau da, lan intelektualen jabetza-, gauza naturala bezala ikusten dugu. Paradoxikoa benetan. Nola aldatzen diren gauzak, ezta?
Gaur egungo legeen arabera, norbaitek ipuin bat, marrazki bat edo bertso bat sortzen duen momentuan, automatikoki, egileak lan intelektual horren copyrighta dauka. Horrek esan nahi du egilearen baimenik gabe ezin dela lan hori ikusi, entzun edo irakurri. Ezta euskaratu ere. Eta are gutxiago lana kopiatu eta zabaldu. Beraz, ez da jabetza publikora heltzen. Baina lasai, copyrightak eskubide esklusibo horiek epe baterako bakarrik ematen ditu. Gero, lan guztiak, ezagutza guztiak, jabetza publikora pasatzen dira. Epe hori igaro ondoren, beraz, copyrighta iraungi egiten da eta nahi duenak, nahi duenean, lan horiek ikusi, entzun, irakurri eta birziklatu egin ditzake, giza ezagutzaren metabolismoak lanean jarrai dezan. Eskerrak, ezta? Bestela gizateriaren eboluzioa eragotziko genuke eta, horrek, oso arriskutsua ematen du.
Kontua da copyright eskubidearen babesa gero eta luzeagoa bihurtzen ari dela. Sortu zenean, copyrightak lana 14 urtez babesten zuen, egileak lana sortzean egindako ahalegina berreskuratzeko denbora izan zezan. Orduan epe horrek egokia zirudien eta, gizartea bizkortzen eta dinamikoago bihurtzen joan den heinean, epea laburtu izana logikoa litzateke. Aldiz, alderantziz gertatu da, epea luzatuz eta luzatuz joan da. Copyrightaren babesa, lana sortu eta 14 urtetik 28 urtera pasatu zen, gero 42ra, gero 56ra… Harrigarria badirudi ere, egun, Euskal Herrian, copyright eskubidea egilea hil eta 70 urtera arte luzatzen da. Hau da, egilearen oinordekoek aitak, aitonak edo birraitonak egindako lan batengatik etekinak jaso ditzakete. Eta noski, etekinak jaso ala ez, urte guzti horietan zehar lanak jabetza publikoa aberastu gabe jarraitzen du. Nire ustez, copyrightaren babes hori ez da zuzena; are gehiago, giza ezagutzak aurrera egiteko duen era kaltetu egiten du.
Egileak lan bat sortzen duenean, naiz eta aurretik egindako lanengatik guztiz eraginda egon, nolabaiteko ekarpena egiten du, eta ekarpen horrengatik saritua izatea guztiz zuzena da. Baina copyrightaren mozkinak bakarrik ikusten baditugu, ez ditugu jabetza publikoak gizateriari ekartzen dizkion onura baliotsuak ikusiko eta, azkenean, gure helburua zenaren kontrakoa lortuko dugu; hau da, sormena sustatu beharrean, sormena oztopatzea.
Informazio gehiago:
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko abuztuaren 16an argitaratu da.
Beste hizkuntzak: castellano
Azken iruzkinak